Naiz+ Naiz+

Berri Txarrak kale gorrian, jarraitzaileak goxatuz

Joan den ostiralean plazaratu zuen Berri Txarrak ‘Infrasoinuak’ azken diskoa eta ordutik aurkezpen kanpaina bete betean dira taldekideak. Atzo, arratsaldeko 19.00tan Donostiako Fnac dendan zuten hitzordu akustikoa, haatik, aretoa txiki gelditu eta jende andana geratu zen kanpoaldean hirukotearen estudioko bederatzigarren lana gertutik gozatzeko aukera gabe. Gorka Urbizuk, ostera, jator, hurbildutako guztien ahalegina eskertu asmoz gitarra hartu eta kalera irten zen, bildutakoek osatutako giza plazatxoaren bihotzean euren lana aurkeztera.

‘Katedral bat’ abestia eskaini zien, entzuleek uneaz gozatu eta instant magikoa euren mugikorrekin betikotzen zuten bitartean. Taldeak berak ere ikuskizuna grabatu eta zuzenean emititu zuen Facebooken ikusle askoren gozamenerako.

Hamabost ordu besterik ez dira igaro ordutik eta bideoak ia 30.000 ikusle izan ditu, ia 300 aldiz izan da elkarbanatua eta 170 iruzkinetik gora eragin ditu.

‘Infrasoinuak’ diskoaren birari 2018an ekingo diote, eta etxetik urrun hasiko dute, Asian zehazki. Bira honekin lehen aldiz Australia ere zapalduko du Berri Txarrak taldeak. Oraingoz, gurean kontzertu bakarra iragarri dute: Martxoaren 17an Barakaldoko BECen.

AEBtan grabatu dute diska, Fort Collinsen, Bill Stevenson ekoizlearekin. 

 ‘Infrasoinuak’ izenpean atera duten diskoarekin, «gure inguruan egonagatik jaramon egiten ez diegun soinuak», biltzen ahalegindu direla azaldu zuen Gorka Urbizuk Zazpikak hirukoteari egindako elkarrizketan. «Figura hori baliatu nuen gaur egun bizi dugun egoera interpretatzeko. Infra horrekin irudikatzen dugu behean dagoen jende guzti hori, entzuna izateko zarata gehiago egin behar duena», zioten bertan.