Naiz+ Naiz+

Ekonomia solidarioaren plaza

Merkatu Soziala izan zen pasa den azaroaren 18an Errenteria-Oreretan. Azoka honen bosgarren edizioa izan zen, baina lehenengoa aldiz atera da hiriburuetako zirkuituetatik REASen, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sarearen, egitasmo hau. Aurten gainera, lehenengo aldiz ere, OlatuKoop eta Saretuz Donostiako Kontsumo Kontziente eta Eraldatzailearen aldeko sarea aritu dira REASekin batera antolatzaile lanetan.

1000tik gora lagun bertaratu ziren Errenteriako Merkatuzarrera eta aurten lehenengoz, azoka hutsa izatetik elkargunea izatera jauzi egin du merkatuak.

Ekonomia solidarioa sendotu eta ikusaraztea du helburu Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen Azokak.

Hamaika egitasmo bat eginda

Bideoan Errenteriako azokan bat egindako esperientziek euren burua aurkezten dute. Bertan Fiare moduko bankua, Nortlan seguruak, tokiko garapen komunitarioa sustatu nahi duen Hiritik At! kooperatiba, energia berriztagarria eskaintzen duen Goiener, hezkuntza egitasmoetan zentratutako Xomorro taldea edota telekomunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen Izarkom daude, beste askoren artean.

Egitarau anitzarekin jantzi zuten azoka eta hitzaldi eta eztabaida anitz izan ziren bertan. Hala nola, etxebizitza eredu komunitarioak edota genero perspektibadun erakunde egiturak izan zituzten mintzagai, bai eta banatzailerik gabeko banaketa edota teknologia komunak.

Azokaren bezperan, Ekonomia sozial eta solidario batentzako tokiko politika publikoen gaineko hausnarketa egin zuten bildutakoek Errenterian.