Naiz+ Naiz+

Gazte akelarreak independentziaren sua berotuko du

Zornotzatik Igorrerako bidea egin ostean, bi egunez Igorren ehunka gaztek aldarrikapena eta parranda uztartuko dute. Izan ere, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek eskutik hartuta prestatutako udaberriko ekimena berezia izanen da, martxa eta topagune arteko hitzordua izango delako «Sugarren dantzan independentziara» lelopean egingo dutena.

Ostegunean abiatuko den hitzordurako eskaintza kultural eta politiko zabala atondu dute. Hamaika hitzaldi, tailer eta txapelketa izanen dira egunez, eta gauez, ostera, Gatibu, Sociedad Alkoholika, Willis Drummond, Gatillazo, Anari, Huntza, Koban, Riot Propaganda, Mafalda edo La Jodedera moduko taldeek astinduko dute oholtza.

Igorreko Akelarrearen ostean, apirilaren 16an, igandearekin, Gernikan ospatuko den Aberri egunera bertaratuko dira gazteak, udaberriko ekimenari amaiera emanez.

Udaberriko aurreko ekimenetan egin bezala, aurten ere hiru elementuaren gainean jarriko dute gazteek arreta: elikadura, eskaintza kulturala eta zaintza. Izan ere, burujabetzaren aldeko bidean «praktika burujabeen aldeko apustua» egin eta horretan ahaleginduko dira bi antolakundeak.