Naiz+ Naiz+

«Kriminalizatutako» gazte borrokaren gakoak

Atzera begira ipini eta udararen errepasoa egin du Ernai gazte antolakundeak, komunikabideek «desitxuratu» eta «kriminalizatu» duten gazte borrokaren gakoak azaldu nahian.

Bideoan gogoratzen duten gisara, Guggenheimen bainua hartuta abiatu zuten uda eta «Herria bizirik» kanpaina.

Euskal Herriko auzo eta herriak alaitu eta girotu dituzten jai herrikoiak ere izan dituzte hizpide. Bertan behera gelditu behar izan zuten Zarauzko Azken Portuko festak eta trukean ezarritako “Cuarenta Summer Fest” edo Mundaka Festival arrotzak salatu dituzte.

Era berean, jai herrikoien testuinguruan euskararen erabilera Tuteran sustatu izana, Baionan bertako produktuen alde egindako apustua edota Bilboko Kaskagorri konpartsako agertokia emakume musikariz bete izana txalotu ditu.

Euskal presoek bizi duten egoera gogora ekarri eta Ertzaintzak Gasteizko txosnetan presoen irudiak kentzera joan izana salatu dute. Auzipetutako Altsasuko gazteen egoera salatu eta hiriburuetan egindako elkarretaratze zabalak ere gogoratu ditu. Espetxean hildako Kepa del Hoyo presoaren senideari elkartasuna adierazi diete gazte antolakundetik.

Udan zehar maiz errepikatu diren eraso sexista guztiak gaitzetsi eta «matxirulo eta babosoen erasoen» aurrean autodefentsa feministarako deia egin dute. Era berean, urtea abiatu denetik hil egin diren 41 langileak ere gogoan izan dituzte.

Abiatu berri den ikasturtean «Gazte Boterean» gehiago sakonduko dutela jakinarazi arren,  IPESekin batera Udako Euskal Unibertsitatean antolatutako jardunaldian lehen oinarriak ipini zituztela ekarri dute gogora.