Abian da hauteskunde kanpaina. Ofizialki, esan nahi dut. Kanpainaurre goiztiar eta luze baten ondotik, egiari zor, ez dakit alde handirik nabarituko ote dugun. Bueno, agian bai: ikusiko ditugu botoa zuzenean eskatzen diguten hamaika kartel, eskuorri eta abar. Nor bere porra osatzen ere joango da (lan hori aurreratuta duenik ere badago): Nafarroan aldaketa sonatua izanen den edo ez, Donostian eta Gipuzkoan zer gertatuko den, Azkunaren faltak eraginik izango ote duen Bilbon...
Eta, noski, lehenaz gain, adierazpenek, tonuek eta keinuek gogortzeko bideari eutsiko diote.
Lehenaz gain, diot, hauteskunde giroan baizik ezin baitaitezke ulertu azkenaldian entzun eta ikusi behar izan ditugunak. Euskararen inguruan mugitzen den oro «morralla» dela, Erdaldun elebakarren eskuzabaltasunari eskertuta egon beharko genukeela euskaldunok... Beste batzuk, aldiz, nolabaiteko bipolaritateak jota dabiltza boto kutxen eguna hurbildu ahala. Era honetan, Marotoren kanpaina xenofoboarekin kexu agertu zirenetako batzuek mezu bertsua igorri nahi izan dute, Etxebizitza Legea aitzakia hartuta. Beldurra eragitea ez bada, zein helburu du Erkoreka Gobernu bozeramaileak esaten duenean lege hori aurrera ateraz gero «mundu mailako» dei efektua ekarriko duela, aditzera emanez gure herri eta hiriak (gure zerbitzu publikoak ere, beraz) kanpotarrez beteko zaizkigula?
Kasu hauek lagin txiki bat baino ez dira, desagerturik dauden hautagaiak aipatu gabe utzi ditugulako. Bildutako guztiak banaka-banaka xehatuko bagenitu, post hau idatzi beharrean, liburu bat idatzi beharko genukeelako.
Datozen egunotan ere, han eta hemen jazotakoak, esan direnak eta ez direnak txoko honetara ekartzen saiatuko gara.
Kanpainaurreari maratoi kutsua hartu diogun arren, hau hasi besterik ez baita egin eta, Queen-ek abesten zuen legez, show must go on!
