I. Zunzunegi blog naiz+

Belgikako G1000

 Info gehiago: www.g1000.org

G1000 Belgikako hiritarren gailurra da. Praktikara eramandako demokrazia deliberatiboaren adibide bat, non fase desberdinetan 6000 pertsona inguruk parte-hartu duen. Azpimarratzekoa da ekimen hiritarra dela soilik eta borondatezko lanari esker (crowd-funding) aurrera eraman dela, hortaz, botere publikoek ez dute prozesuan lekurik izan.

Sustatzaileek azaldu dutenez, ariketa honen helburua demokrazia indarberritzea da, haize hartzeko ariketa, hain zuzen ere. Egungo demokrazia ereduaren osagarri gisa ulertzen dute, ez, ordea, egungoa ordezkatuko duen eredu gisa. Azaldu dutenaren arabera, demokrazia eredu oro, izan zuzena edo ordezkatzailea, akastuna eta amaitu bakoa da. Horrenbestez, eredu desberdinen osagarritasunaren bertuteak azaleratu nahi ditu ekimenak.

Honoko printzipiotan oinarritu dute ekimena: independentzia, irekitasuna, duintasuna, baikortasuna, osagarritasuna, parte-hartzea, aniztasuna, gardentasuna, aukera eta dinamika. Eta hiru urratsetan banatu dute prozesu deliberatiboa, 2011ko udatik 2012ko udazkena arte: lehenengo fase batean, galdetegi bidez hiritarren ekarpenak jaso zituzten eztabaida-gaiak zehazteko; bigarrenik, aurrez-aurreko bilera orokor bat burutu zuten eta 800 pertsona inguruk aukera izan zuten zuzenean proposaturiko gaien inguruan eztabaidatzeko; azkenik, egungo fasean, hiritar talde batek, aditu talde batekin batera, udazkenerako, eztabaidaren ondorioak garatuko ditu proposamen zerrenda zehatz bat argitaratzeko asmoz.

Hamaika eztabaida eta atentzio handia eragin du ekimenak, Belgikan bertan zein nazioartean. Esaguratsua izan da, eztabaidatsua izan dela gai zerrenda. Deigarritzat jo dute askok, esaterako, BHV (Brussels-Halle-Vilvoorde) eta komunitate linguistikoen arteko talka ez hautatu izana eztabaida-gaien artean. Kontuan izan behar dugu, afera honen inguruko desadostasuna izan dela arrazoi nagusietako bat Belgika 500 egundik gora gobernu barik egoteko. 

Hautaturiko hiru gai nagusiak krisi ekonomikoarekin oso lotuak daude: segurantza soziala, ongizatea krisi garaian eta migrazioa. Eztabaidaren ondorioak zenbait gomendiotan zehaztu dituzte. Beste batzuen artean, honoko ideiak proposatu dituzte: Tobin tasa ezartzea, zergen malgutasuna ezartzea, iruzurraren kontra zorrotz aritzea eta migranteak integratzeko betebeharraren adierazpena sinatzea. Aurrera begira landu beharreko gaien zerrenda ere proposatu dute: energia politika jasangarria, gobernu mailen inguruko eztabaida, hizkuntz aniztasuna eta lan merkatua eta hezkuntzaren arteko harremana.

Datozen hilabeteotan 32 pertsonako (herritarrak eta adituak) lan talde batek gomendio horiek hartu, landu eta proposamen zehatzak gauzatu beharko ditu. Azaroan dute hurrengo hitzordu publikoa eta ordurako proposamena prest izango dute. Aholkuak eta proposamen zehatzak, ondoren, politikariei helaraziko dizkiete. Orduan ere, ikusiko dugu ariketa interesgarri honen eragina norainokoa izan den. 

Itziar Zunzunegi Etxebarria