I. Zunzunegi blog naiz+

Belgikako udal hauteskundeak: Denak N-VAren kontra, edo alderantziz

Igandean, hilak 14, udal hauteskundeak ospatuko dira Belgikan. Begirada gehienak Frandrian jarrita daude, gutxiago Bruselan eta Valonian. Fokoa ez da lokala, aldiz, N-VA (Nieuw Vlaamse Alliantie) alderdi abertzalearen gorakada honen eta  bozka kopuru potentzialean jarrita dago. Hauteskunde federalen ostean, 500 egunetik gora gobernu federal barik, 2012ko udal hauteskundeen nabardura honokoa da: denak (alderdi tradizionalak) N-VAren kontra (oposizioko lider bakarra eta bozka kopuruan lehen alderdia), edo alderantziz. 2010eko emaitzek eta egungo 6ko gobernuaren zailtasunek kanpainaren erdigunera eraman dute indartutako NV-A. Udal hauteskundeak izanik ere, matxinada demokratiko bat gertu daitekeela esan du Bart De Weber (NVAko presindetea eta Anbereseko zerrenda burua) eta Eskozia eta Kataluniako azken berriak ere sartu dira Belgikako udal hauteskundeetan. 

 

Flandrian, BHV (Brussels-Halle-Vilvoorde) eta hizkuntza politikak eta hizkuntza gatazkak dira eztabaida politikoaren erdian. Izan ere, hauteskundeetako emaitzek adieraziko dute BHVko biztanleek bat egiten duten gobernu federalak hartuko azken neurriekin (zatiketa). Horrez gain, erraztasun udalerriak, gutxiengo frankofono eta anglofonoak eta horien parte-hartzea, mugikortasuna eta etxebizitzen prezioa dira, besteak beste, eztabaidagai.  

 

Valonian, PS (Parti Socialist) izan daiteke garaile, inkesten arabera. Hala ere, 2006ko beherakadari (hainbat udalerritan, ustelkeria eta kudeaketa zalantzak tartean) ez lioke guztiz aurre egingo, eta gotorlekuak mantenduko lituzkeen arren, MR (Mouvement Réformateur) alderdi liberalaren emaitzek gehiengo batzuk aldaraz ditzake  (Namur, Charleroi, …). Horrez gain, Valoniako hauteskunde erreforma ere erdigunean egongo da (alkateak izendatzeko prozesu berria, mesfidantza-mozio aukera eta kargu publikoak pilatzeko mugak). 

 

Bruselako 19 udalerrietan aurkezten da zerrendarik gehien.  Tradizioz liberala izan arren, inkestek aurreikusten dute 5 puntuko gorakada sozialistentzat eta MRren aurretik gera daitezke. Kanpainako eztabaidagai nagusiak izan dira arrazakeria, hizkuntz-aniztasuna, garraio publikoa, udalen zorra eta jaiotza tasaren gaineko kontrola.

- Belgikan 589 udal dago, hiru erregiotan banatuak: 308 Flandrian, 262 Valonian eta 19 Bruselan. Batean zein bestean aurkezten diren alderdiak desberdinak dira, 3 familia politiko historikoak (liberalak, demo-kristauak eta sozialistak) banatuta agertzen zaizkigu hizkuntz komunitateen arabera. 

- 2791 zerrenda aurkezten dira eta 59.706 hautagai. Zerrenda desbblokeatuak dira.

- Derrigortasuna: Belgikan, bozka ematea derrigorrezkoa da, ordea, justizia ministroak adierazi du ez dituztela zigortuko bozka ematera ez doazenak.

- Inmigrazioa eta zerrendetako aniztasuna: Jatorri anitzetako jendea aurkezten da zerrendetan lurralde osoan. Azpimarratzekoa da, aurten, sobietar batasun ohiko zenbait hautagai aurki ditzakegula.

- Judutarrak: Lurralde honetan bizi dira Belgika bera izan aurretik, horrenbestez, ez dago komunitate honi keinurik egin ez dion familia politikorik.

- Emakumeen parte-hartzea: Alkateen %9a baino ez dira emakumeak, errejidoreen %30,7a eta zinegotzien %35,1a.