I. Zunzunegi blog naiz+

“Ez dira munduko miseria”. Asilo eta migrazio politikak eztabaidagai

 

Asilo politikoa eskatzeko, 20 egunez, Bruselako erdiguneko eraikin bat okupatzen zuten 400 afganiar irtenarazi ditu poliziak. Belgikako Giza Eskubideen Elkarteak polizi operazioa ilegaltzat jo du, izan ere,  Bruselako Samu Sozialaren eskaerari erantzunez burutu dute operazioa eta azken hauek ez dute eraikinaren gaineko eskubiderik, eraikina enpresa flandriar batena baita.

 

2013ko lehenengo sei hilabeteetan, erregularizatu gabeko 13.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, Belgikan. 1700 bat atxikitze-zentroetara bidali zituzten, 7700etik gora kanporatu eta 3600 bat aske utzi. Aljeriarrak dira gehienak eta marokoarrek, errumaniarrek, tunisiarrek, indiarrek, albanbiarrek eta serbiarrek jarraitzen dituzte, hurrenez hurren. Maggie De Block Asilo eta Migazio estatu idazkariak esandakoaren arabera, atxikitze-zentruetan zeuden pertsonen %80a kanporatu dute. Urtez urtekoa alderatuta, kopuruak gora egin du.

 

Horrez gain, azpimarragarria da, asilo politiko eskaerek behera egin dutela, 540 egun gobernu federal barik eta Di Rupok gobernua hartu duenera arte. Eskaera egin ahal izateko baldintzak ere gogortu dituzte. 2013 honetan, bataz beste 1300 eskaera jasotzen ditu gobernuak hilabetero, 2012arekin alderatuta, erdira jeitsi da kopurua. Errusiarrak dira kopuruan lehenak, ondoren, Irak, Ginea, Kosovo, Afganistan eta Kongoko Errepublika Demokratikotik etorritako jendeak dira. Ondorioz, asilo-politiko onarpenen kopurua ere jeitsi da.

2013ko urtarrila eta abuztua bitarte, 8387 pertsonari ez diote onartu errefusiatu estatusa, 1999 pertsonekin hitzarmena egin da eta 1400 pertsonari subsidioa onartu diote.

 

Eztabaida bizia piztu da.

Batetik, jendarte mugimenduek zenbait salaketa plazaratu dute, besteak beste, salatu dituzte atxikitze-zentruetako baldintzak, asilo-politikorako baldintzen gogortzea eta erabakiak hartzeko prozeduren azkartzea eta legearen etengabeko aldaketen ondorioz ematen den pertsonen eskubideen urraketa.

 

Bestetik, Michel Rocard frantsesaren hitzak gogora ekarri dituzte zenbaitek Belgikan, azken asteotan. Harek esan zuen: “Frantziak ezin du jaso mundo guztiko miseria, baina bere erantzukizunaren partea gain hartu behar du”. Esan behar da ere, asilo eta migrazio politiken gogortzea defendatzen dutenek aipu ospetsuaren lehenengo partearekin baino ez direla gelditu.

 

Hari honi helduz, eta zifra guztien atzean daudenen testigantza jasotzeko asmoz, datozen asteotan zenbait persona elkarrizketatuko ditut.

 “Ez dira munduko miseria”.