I. Zunzunegi blog naiz+

N-VA: Anberesen garaile eta Flandrian egonkortua

Belgikako 589 herrietan hauteskundeak ospatu baziren ere,  aurreikusi moduan, Anberes eta Flandriako emaitzek hartu dute oihartzun gehien. Izan ere, N-VA alderdi abertzaleak hiriko alkatetza eskuratu du sozialistei gailenduz eta Flandrian, orohar, azken urteotan urratutako bidea sendotu du emaitza historikoei esker. N-VArentzat atzerabueltarik ez duen eguna izan zen atzokoa. Egun historikoa, Anberesen 70 urteko agintaldi sozialista bukatzen da eta Bart De Weber (N-VAko presidente eta Anbereseko bozen irabazle) izango da hiriko lehenengo alkate abertzalea. 

 

De Weberek deitu ditu Elio Di Rupo (lehen ministroa) eta frankofonoak erreforma konfederalari elkarrekin ekin diezaioten. Aipatzekoa da, De Weber Flandriako hiru alderdi tradizionalei ez zuzendu izana, horiek Di Ruporekin goernua osatzen dute, eta N-VA irabazle izanik ere, gobernutik kanpo utzi zuen akordioa sostengatzen dute. Bestalde, Di Rupok, atzo bertan, erantzun zion De Weberri: “maila lokaleko hauteskundeetako ondorioak horretan gelditu behar dira”. Hala eta guztiz ere, aste honetan onartu behar du Belgikako parlamentuak legegintzaldiko estatuaren erreformaren bigarren fasea (finantzazio legea eta konpetentzien transferentzia), eta Flandriako gehiengoarekin egiterik baino ez du. CD&Vko (Flandriako demo-kristauak) Kris Peetersek berak aurreratu du, NV-Ak esan moduan, estatuaren 6. erreforma honen ostean, 7. erreforma mamitu beharko dela.

 

N-VAren gorakada izugarria izan da. 2003an aurkeztu zen lehen aldiz  hauteskunde federaletara eta bozen %3,1a lortu zuen. 2007an, CD&Vrekin koalizioan, bozen %18,51 eta 2010ean bakarrik aurkeztu zen eta Belgikako bozen %17,4a lortu zuen; Belgikako alderdirik bozkatuena bilakatu zen, atzetik, orain gobernuan den PS (sozialista frankofonoak). 2006ko udal hauteskundeetan CD&Vrekin aurkeztu zen, beraz, hauteskunde hauek desafio zuten N-VAn, eta alderdiak frogatu du Flandrian erroturik dagoela. 

 

Orain, CD&Vk (Flandriako demo-kristauak) eta Open VLDk  (Flandriako liberalak) hautatu beharra dute: orain gobernu federala sostengatu eta 2014ko ekaineko Belgikako hauteskundeetan behea jo edo apustu estrategikoa egin eta estatu ereduaren eztabaidari heldu.