I. Zunzunegi blog naiz+

Pedofilia sahiesteko ikastaroak abadeentzat

Azken hilabeteotan, pedofiliarekin lotuta zenbait albiste jazo da Belgikan eta Dutoux kasua berriro ere, hedabidetan izan da.  

Belgikako elizak jakinarazi duenez, pedofilia ekiditeko ikastaroak jasoko dituzte abade berriek. Sud Presse egunkariak argitaratu du, gaur, Turnaieko gotzainarekin elkarrizketa. Helburuagatik galdetuta, gotzainak “iraganekoak ez errepikatzea eta pedofilia eragoztea” azpimarratu ditu. Psikiatrak arduratuko dira formazioaren edukiaz, eta, besteak beste, “ekidin beharreko egoera edo espazioak” aztertuko dituzte; esaterako, dutxa edo komunetan nola jokatu.

Gaia ezaguna da oso, Belgikan. Izan ere, 90. hamarkadako Dutroux izenez ezaguna egin zen pedofilia kasu entzuna hedabideetan izan da, berriro, azken hilabeteotan. Marc Dutroux, beste batzuen artean, kondenatua izan zen haur eta nerabeak bortxatu eta hiltzeagatik eta pedofilia sare bateko buru izateagatik. Kasuan, Dutrouxen emaztea ere, Michelle Martin, kondenatua izan zen bi neska gosez hiltzen uzteagatik, senarra kartzelan zegoen bitartean. Joan den hilabetean, Martin baldintzapean askatuko dutela jakin zen. Erabakiaren kontra manifestazioa burutu zen Bruselan.  

Horretaz guztiaz gain, oihartzunik izan duen beste gertaera bat jazo da. Apirilean, Anonymousek Belgikako parlamentari eta diputatuei gutun bat helarazi zien, pedofilia saretan eta Dutroux kasuan epaile, politikari eta negozioetako hamarnaka pertsona tartean sartuz. Pedofiliaren elitearen zerrenda egin zuten publiko eta salaketa errege etxeraino iritsi zen. Gainera, Elio Di Ruppo Belgikako lehen ministroa pedofilia aferekin lotu zuten. Laurent Louis MLDko diputatuak egin zuen publiko iritsitako gutuna.