Badaude zenbait kontu neurtzen zailak direnak. Ez kalkulu zaila dutelako, baizik eta dimentsioak ohiko erabileratik urrun geratzen zaizkigulako. Adibideak jartzen hasita, esan nezake etxe aurreko errepidea hiruzpalau metro zabal dela, baina ez nuke jakingo esaten Muskizko Repsolen tximinia zenbat metro altu den. Eta gauza bera gertatzen zait beste magnitude batzuekin; esaterako, diruarekin. Enpresa horretara bisita didaktiko batean, halaber, kontatu ziguten tximinia horretatik zenbat eta gar handiagoa irten, orduan eta dolar gehiago galtzen zituela Repsolek, auskalo zenbat. «Udalak 4,13 milioi euro bideratu ditu ur-hornidura sarea konpontzera». Batek daki asko edo gutxi den. Edo, «Josu Jon Imazek 4,13 milioi euro irabazi zituen 2022an». Hemen bai, hemen badakit 4,13 milioi asko dela.
Baina, asko, zenbat? Tira, bada gutxi gorabeherako hurbilpenen arabera, urteak 52 aste baditu eta Josu Jonek astean 40 ordu lan egingo balitu, 2.000 euro orduko ari da irabazten gizona, egunean 15.800 bat euro. Bestela kalkulatuta, 14 pagatan 2.000 euro irabazten dituzten zenbat pertsonaren urteko soldata da hori? 147,5 pertsonarena. Alderaketa gehiago, demagun etxebizitza estandar batek 3.000 kWh-ko elektrizitate-kontsumoa duela urtean. Imazen irabaziekin 4.500 etxebizitzaren urteko elektrizitatea ordaindua legoke. Diru kantitate hori da, bestalde, Oiz mendilerroko sei haize-errotak ekoizten dutena; alegia, parkearen %15ek. Nahi duenak jarrai dezala asko zenbat den ulertzeko kalkuluak egiten. Pertsona bakar baten poltsikora hainbeste iristea esanguratsua da, noiz eta, trantsizio energetikoa aipagai izanda, etorkizunean diru iturri izango dituztenak finantzatzen ari direnean. Egin nahi duenarentzat, kalkulu polita litzateke parasito bizkarroi hauen –kapar edo kaPasta batzuk badaude eta– irabaziak lurreratuz gero zenbat merkatuko litzatekeen argindarraren prezioa. Eta, sokatik tiraka, ziur baten batek aurkituko lukeela euren irabazi beharraren eta geure kontsumitzeko premiaren arteko korrelazioa.
Baina, asko, zenbat?
Egin nahi duenarentzat, kalkulu polita litzateke parasito bizkarroi hauen irabaziak lurreratuz gero zenbat merkatuko litzatekeen argindarraren prezioa.
