Animo, gabonak hasi besterik ez dira egin. Bai, atzoko bazkaria gogorra izan zen, badakigu, bazenekien hala izango zela. Ez, 31ko afaria ez da bestelakoa izango. Daukazun ajea atzoko eztabaiden beroaldien ondorena dela? Baliteke, ziurrenik ez. Zer pasatu zaizu, ordea, gabon otorduekin? Lehen gogotsu agertzen zinen, urtean zehar kasu askorik egin ez diezun familiakideekin egon, Olentzerok ekarritakoa erakutsi, helduak “piripi” zeudela aprobetxatu lehengusuen arteko konplizitatea estutzeko... Eta, bat-batean, zerbait aldatu da. Gaztetxoen mahaia helduenera gehitu zen, gurasoak dira lehengusuak, eta buruko mina eragingo dizun bazkarira buruko minez joaten zara. Agian izango da gabonek haur eta gurasoentzat soilik dutela zentzua. Ez zen gaizki hasi: (nahita) pixka bat berandu heldu, «kaixo» honi, «aspaldiko» hari, «baina, baina, baina, ze patinete polita ekarri dizun Olentzerok, Suhar», «zer, atzo parranda?» eta mahaian eseri. Uste guztien kontra, lehen esaldiak dira errazenak, egindako esaldi batzuekin eta orokorkeria pare batekin interesatzen ez zaien zure bizitza hala moduz eguneratu zure ingurukoei, gero eurek berdina egin dezaten. Horraino, ongi. Bazkaria luzea eta motela da, ordea, eta hizketagaiak tesi baterako modukoak. Badago ondoratu eta hondoratzeko gaitasuna duen jendea. Atzo bezala gaur, iruditzen zaizu huskeriez modu nahiko zabarrean hitz egiten dela zuenean. Nahiko egolatra ez al da, zure eguneroko gaiak interesgarriagoak direla pentsatzeaz gain, beren gaien gainean dituzun uste eta arrazoiak askoz ere sendoagoak eta garatuagoak direla pentsatzea? Bai, melokotoiaren biharamunerako meloi handiegia. Bat beti ez dago gustura gustuko lekuetan. Familian duzun lekua duzu, eta badakizu zer?, fitxa mugitzeko aukera batzuk badituzula. Leku egiten jarrai zenezake edo, bestela, lekua utzi. Ez joan. Ez duzu zertan pedagogia egin, ez da zure ardura. Gainera, litekeena da eurak ere neurrian penatzea. Animo ajearekin, urtarrilaren 8an galdetuko dizut ea zer moduz joan zaizun.
Meloiak melokotoiari
Gaztetxoen mahaia helduenera gehitu zen, lehengusuak guraso dira eta burukomina eragingo dizun bazkarira burukominez joaten zara. Agian, izango da gabonek haur eta gurasoentzat soilik dutela zentzua.
