Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Bazkalordukoak

Pedrag Matvejević idazlearen “Breviari mediterrani” liburuan aipatzen da, oker ez banago, jana mahaiaren bueltan partekatzea jarduera ia sakratua dela. Mahaiaren bueltan hierarkiak, une batez bada ere, apur bat lausotzen baitira abegikortasunaren eta elkar hartzearen abaroan; janariak, eta bereziki ogiak, jainkotiarra den hori hurbiltzen digu gizakioi, eta mahaiaren bueltan estimatzen da elikagai horiek produzitzeko lan egin duten horien izerdia, kontatzen dira istorioak eta berritzen da tradizioa. Aipaturikoa urratuz gero, Matvejevićek ohartarazten gaitu: zauri sakonak sor litezke mahaiaren bueltako haserrealdietan, hobe da eztabaida mingotsak ekiditea.

Akaso, hobeto irakurria bagenu arestian aipatu dudan idazle bosniarra, gogoan bagenu Joxe Austin Arrietaren abuztuko Ama Birjina eguneko bazkalostea, bestelakoa litzateke lagunarteko bazkarian platerez plater goratzen eta lehortzen ari ziren bozen abesbatza asinkopatua.

 Eguberriez ari ginen eta kontsumokeria genuen ahotan, opariak balira bezala gehiegizko kontsumoaren paradigma bakarra. Niri iruditu zitzaidan, eta ezin dut jasan, helduok umeen bueltan proiektatzen dugula egin behar genukeen baina egiatan egin nahi ez dugun oro. Altxa dezatela pantailatik burua eskatzen diegu txikienei, baina ez diogu halakorik agintzen geure buruari nahiz eta argi urdinkara errainuetan preso igaro lantokiko orduak, etxeko egongelan nekeak errendituta ezerezari so xahutu iluntzeak eta, komunera kaka egitera goazelarik ere, bildotsak ardiari legez jarraitu telefonoak. Gauza bera segregazioaz jarduten dugunean —gizarte arrazista batean harrigarria da hezkuntza arloan ikustea gaitza soilik— edota irakurtzeko onurez —ume eta gazteek helduek baino gehiago irakurtzen dutela jakina denean—.

Norbaitek haur eta gazteekin sentsibilizazio kanpainaren bat egitea proposatzen duenean, euskararen erabilerari edo hondakinak birziklatzeari buruzkoa izan liteke, esate baterako, erantzun bueltan ea zer egingo duen berak, zuk ez duzulako tranparik egin nahi.

Recherche