Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Itsasoan derrotak amaigabeak dira

Jende ona existitzen da nahiz eta batzuetan, herabe, ez duten haien ontasuna agerian uzten. Txikikeria bat da, baina ontasunaren adibide bat bizi izan nuen aurrekoan, Gianni Rodariren urtemugaren harira Aretxabaletako liburutegiak antolatu zuen telefono bidezko ipuin kontaketan. Uhin bidezko maitasuna zen idazle, jarduera eta hizkuntza batekin. Rafael Chirbes idazleak zioen gure betebeharra dela gaizkiaren parean kieto jarri eta borrokatzea, jakinda galduko dugula, baina hor irautea dagokigu ahal dugun beste. Harentzat «gaizkia» heriotza zen, baina gaur egun gauzak elkarrekin egitea, batak bestea alboan duela egotea eta bakardadeari aurre egitea baino ekintza iraultzaileagorik ez dago.

Egun hauetan irakurri eta entzun ditudan jende interesgarriaren esanen txatalak gogoan ditut lerro hauek idazteko orduan. Ñabardura gutxiko garaiak dira, nik uste. Taladrina usaina darie. Aurrena, Ane Zubeldia “Argia”-n distopien aurka berbetan. Ados naiz berarekin etorkizun bizigarriak irudikatzea garrantzitsua dela, baina ez dut ahazteko Arrasaten antifrankismoko ekintza oso esanguratsu bat izan zela hondatzea gerra irabazi zutenen omenezko plaka parrokiako horman eta horrek ez zekarrela mundu berri baten hazirik, ez proposamen berririk ez ostiarik: horrek kakari kaka deitu nahi zion. 

Entzun dut, era berean, Gorka Arrese “Barruan gaude” podcastean deabruaren literatura maite dugula esanez eta azkura eragin dit. Agian batzuek maiteko dute deabruaren idazkera, baita deabruzko esamesak ere, baina ez irakurle guztiek. Agian oker nago, baina txarkeria kutsua hartu diot –gorroto dut txarkeria– eta Gorka estimuan eduki arren, horretan, ez nator harekin bat. 

Bukatzeko, Edorta Jimenez podcast berean ideia oso iradokitzaile bat emanez. Itsasoan derrotak −itsasbideak− amaigabeak dira. Bat irten liteke Mundakan eta errepikaezina den bide bat marraztu ur azaleko bitsetan. «Hau dena kaka bat da» salatzea eta aldi berean itsasoaren zabaltasunaren jabe izatea da gauza bat sano praktikatu beharrekoa. Adibidez.

Recherche