Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Gure herriaz harro

Abian da Korrika, berriro ere. Irundik Baionarat bide luze eta emankorra eginen du hurrengo egunetan, egunez eta gauez, eguraldia edozein dela ere. Euskararen lekukoa eskutik eskura pasako da, emozioak piztuz zeharkatzen dituen bazter guzietan. Izan ere, Korrika emozio kolektiboa da, batez ere. Euskarak ardazten duen herriaren emozioa, gure herri afektuaren indarra. Euskaraz bizitzeko grinaren oihu sakona.

Eta, benetan, behar dugu. Euskara ez da ofiziala euskal lurralde guzietan, eta epaileen eskuetan dago azken hitza, edonola ere. Administrazioen euskalduntzea geldiarazi edota itzularazteko presioa izugarria da. Azterketak euskaraz egiterik ez dago frantziar Errepublikan. Ikur frankistak oraindik ere atzeman daitezkeen bitartean, espainiar eta frantziar banderak leku guzietan nagusi direlarik, zazpiak bat garela eta izan nahi dugula irudikatzea ukatzen zaigu. Eta, gainera, etengabe entzuten dugu gurea obsesio identitarioa dela, sakonean basati edo totalitarioak garela, euskara inposatu nahi omen dugulako. Bai, harrotzeko garaia da.

Jakina da, ikuspegi kolonial-supremazistatik, subordinatutako herriak zibilizatu gabeak garela. Horregatik pasionalak gara: haiek arrazionalak, gu emozionalak; hala idazten da historia.

Kontua, alta, ez da harrotzea, afera ez da pasioak piztea, baizik eta nolakoak diren, zer produzitzen ote duten, zer bilakatzen gaituzten. Genozidioa, armagintza eta planetaren suntsipena arrazionaltzat hartzen diren mundu ilun honetan pizten da Korrikaren izarra, gure herriaz harro gaudela aldarrikatzeko aukera emanez. Gure hizkuntzarekiko maitasuna askatasunez adierazteko bidea irekiz. Mundua bestela eraiki daitekeela eta eraiki behar dela ozenki hedatzeko parada oparituz.

Korrikak barrenak astintzen dizkigu. Korrikan korrika zoazenean sentitzen den hori bada zerbait, mundu ergel honetan elkarrekin zerbait eder eraikitzeko gogoa. Eta ez da gutti, zinez!

Recherche