Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Ahal duenak egin dezan

Egin ezazue ariketa bat, otoi. Imajinatu mundu alternatibo batean, 1975. urte paralelo batean, espainiar erregimena erori dela eta epaile frankista guziak kargutik kanporatu, epaitu eta gogorki zigortu dituztela. Pentsa ezazue faxismoa errotik erreprimitu dela, konplizitate guziak agerian utziz eta diktadurarekiko lotura oro desartikulatuz. Pentsa, bide batez, estatu aparatu guziak ikertu eta garbitu direla, estatuaren nazio aniztasuna aitortu dela eta herriei autodeterminatzeko aukera ahalbideratu zaiela. Pentsa ezazue frankistek ez dutela lortu beren egitasmoa era ezkutuan defendatzen jarraitzeko abian jarri nahi izan dituzten alderdiak legal eta zilegitzat hartzea. Gozatu, une batez sikiera, amets hori, jende askok dena eman baitzuen hori lortzeko, bizitza barne.

Orain, ariketa bukatu eta gure mundura itzuli. Ikusiko duzue, saio horretan irudikatuaren ordez, espainiar Estatu eta egitasmo faxistaren jarraipena ahalbideratu zela «trantsizio miresgarria»-ren izenean. Egin beharreko haustura demokratikoa baztertzearen ondorioak ari gara pairatzen oraindik ere, egungo epaile, militar eta polizia asko estatu aparatu frankisten ondorengoak direlako eta ate guziak ireki zitzaizkielako faxistei alderdi «demokratiko» errespetagarriak antolatzeko. Horregatik, hain zuzen, diktadurarekiko loturak inoiz eten ez dituztenak estatu kolpe bigun bat ematen ari dira, errefusatzen dituzten gehiengoak eraiki direlako hainbat instituziotan. Kolpe horretan, Aznarrek agindu bezala, ahal duenak ahal duena egiten du, bere epaitegitik, bere kuartelillotik, bere bulegotik edo bere egunkari edo telebistatik.

Ofentsiba orokorra da eta ez dute inolako eskrupulurik. Zital hauek guziek zuritzen duten Israel genozidio bat egiten ari da, baina hainbat euskal hautetsi ari da ikertzen Auzitegi Nazionala Hatortxuren kontura, eta ez Benjamin Netanyahu.

Ari dira, baina gu ez gaude geldirik. Gure jendarteak aro berri bat ekarri eta ezagutu du, eta, horixe nahi badute ere, ez gaituzte iraganera eramanen.

Recherche