Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Autogestio indibiduala, benetan? Ez dakit nik...

Autogestio indibidualaren hautua, ikuspegi kolektiboaren ukapen gisa ulertuta, Margaret Thatcherren «ez dago jendarterik» leloaren mutazio pandemikoa edo.

Telebista espainiar batean entzunda, pandemiaren eboluzioaz: onena nork bere burua zaintzea, eta izena jarri zioten horri: autogestioa. Burura etorri zitzaidan lehena Carlos Hugoren aldeko karlista antifrankisten leloa izan zen, langile kontseilu eta Titoren Jugoslaviako esperientzian inspiratutakoa. Baina ez ziren autogestio horretaz ari, jakina. Sakoneko mezua ez zen autoantolaketa komunitarioaren aldarrikapena, oso bestelakoa baizik: nork bere burua zaindu behar du ez baitago ezer itxoiterik agintariengandik eta eskala kolektiboak ez duelako ezertarako balio. Mailukada baten modura hartu nuen aipamenaren errepikapena, ikusi bainuen ez zela kasualitatea, errotzen ari den –eta errotu nahi duten– ustea baizik.

Batzuek esaten dute espainiar (eta gure) agintarien erabakiek negazionistak hauspotzen dituztela, besteak beste, ergelkeria galanta baita espazio zabaletan musukoa derrigortzea kutsatzearen esparru nagusietan neurri zorrotzak hartzen ez diren bitartean. Eta egia da, baina uste dut hori ez dela afera nagusia. Arriskurik handiena epe luzeko indibidualizazio eta, beraz, desjendarteratze prozesuan atzematen dut nik. Denonarekiko urruntzean, hots. Autogestio indibidualaren hautua, ikuspegi kolektiboaren ukapen gisa ulertuta, Margaret Thatcherren «ez dago jendarterik» leloaren mutazio pandemikoa edo. Logika hori gehiago indartzekotan, gero eta zailagoa izanen da osasungintza publikoaz hitz egitea, elkartasuna bilatzea edo erantzun kolektiboak antolatzen saiatzea. Gero eta errazagoa izanen da desira indibidualisten lehenespena.

Beharbada, hor dago ulertzen ez ditugun erabaki batzuen sakoneko arrazoia. Ederki dakite ez direla krisia hobe kudeatzeko baliagarriak, baina bai premiazkoak izan arren hartzen ez dituztenak estaltzeko eta jendartearekiko desarduratzea zabaltzeko. Bataila ez da nolanahikoa, eta ezin dugu atzera egin, herri gisako etorkizuna baitago kolokan.

Recherche