Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Gu eta gure hizkuntzaren biziraupena

Berriro ageri dira euskararen etorkizunaren gainean laino beltzak deskribatzen dituzten aurreikuspenak. Klasiko bat da euskal kulturan gainbehera iraunkorra eta heriotzaren atariaren gaia, era ezberdinez agertzen bada ere. Marc Legassek idatzi zuen kontrabandoz pasatzen dugula euskara mende batetik bestera, esaterako… Eta azken epaiak ikusita, badugu zertaz kezkatu!

Bizi garen garaiotan, ikuspegi esentzialistak indartzen ari diren heinean, tentagarria omen da pentsatzea gure hizkuntzak atzera egiten duela sobera nahastu garelako, ez dugulako gure sena bere purutasunean gorde, hots. Ikuspegi hori lotuta dago euskal isolamendu historikoaren narratibarekin, gure ibilbide historiko erreala baztertu eta ozeano erdian edo Himalaiako puntan biziko bagina bezala ezaugarritu nahi gaituena. Nonbait, euskara bizirik dago isolatuta bizitzeko gai izan direlako euskaldunak (Tafallan sortua naizenez gero, ezin izanen nuke «garelako» eta «euskaldunok» idatzi, nire sorterrian euskara galdu egin baitzen, berreskuratu den arren). Kontakizun horretatik ondorioztatzen da isolamendua dela euskara salbatzeko bidea. Bistan denez, migranteak irakurketa horretan kalte besterik ez dira, nahasketa suntsitzailearen protagonistak diren heinean, edo, are makurrago, «ordezkapena» egitera etorritakoak!

Sintesia sinplista bat da, jakina, hamaika eratara formulatzen ahal baita paradigma hori. Baina, edonola ere, ez da narratiba bakarra. Pentsa daiteke, adibidez, euskarak biziraun duela bere nortasuna nahasketa eta moldaketaren bidez gorde delako. Elkarbizitza eta integrazio tresna izan dela oztopo, eraso eta zailtasun guzien gainetik. Begirada horretatik ez da tinkotasunaren baliotasuna ukatzen, baina ez da komunitate itxiaren terminoetan irudikatzen, beste batzuetan baizik. Eta logika sakrifiziala erdigunetik atera eta euskara elkarrekin bizitzeko grina eta egitasmoaren hizkuntza gisa aurkezteak hartzen du lehentasuna.

Recherche