Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Manzanas: errelatoaren lehia eta frankismoaren apologia

Gero eta argiago dago frankismoa zuritzeko estrategiaren aurrean gaudela, egungo egoerari erreparatzen diona, euskal subiranismoa egurtzeko asmoz.

Zalaparta piztu du Gasteizko «Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa»-k Meliton Manzanas polizia frankista torturatzaile eta nazien laguntzaileari egindako gorazarreak. Beharbada, baten batek pentsa zezakeen akats bat izan zela, gehiegikeria isolatua edo, baina estrategia argi batean uztartutako mezua zen Manzanasen biktimizazio saioa, espainiar errelatoan Estatua beti zintzoa delako eta Estatuaren etsaiak beti gaiztoak, estatua eta etsaiak direnak direla. Espainiar Estatuak hautu politikoa egin zuen oroimenaren lehiari begira, ETA lehen unetik terrorista eta kriminaltzat joz, eta beraz, maila berean jarri zituen diktadura eta ondotiko erregimena (78koa, hots). Hau bat dator trantsizioaren errelato ofizialaz, legetik legera egin baitzen, frankismoarekiko hausturarik gabe. Batzuek ohartarazi zuten hautu hark diktaduraren legitimazioa ekar zezakeela. Beste batzuek ETA «zintzoa» (Franco hil artekoa) eta «gaiztoa» (ondotikoa) bereizi nahi izan zituzten, errelato emankorragoa izanen zelakoan. Denok dakigu zein jarrerak irabazi zuen, eta ondorioak gure aurrean ditugu.

Manzanas Nazio Batuek faxistatzat jo zuten diktaduraren poliziaburua zen, errepresio egituretako katebegi bat. Bere oroimena elikatzen dutenek hau dakiten neurrian, bi aukera agertzen zaizkigu: (a) hau badakite eta halere omentzen dute; (b) hau badakite eta horregatik hain zuzen omentzen dute. Sinetsarazi nahi digute lehena, baina gero eta argiago dago frankismoa zuritzeko estrategiaren aurrean gaudela, egungo egoerari erreparatzen diona, euskal subiranismoa egurtzeko asmoz. Hautu politikoa da, eta babesten ari diren guziak frankismoaren zuriketa horren konplizeak dira, babesa eteten ez duten artean. Denon diruaz egiten ari den frankismoaren apologia horrek eskuin autoritarioari irekitzen dizkio ate guziak, herri mugimendu eta eragile askatzaileak kriminalizatzen dituen bitartean. Noiz arte?

Recherche