Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Osasungintza publikoa jomugan

Lan isila edo diskretua da, askotan, osasungintza publikoaren suntsipena, baina, batzuetan, mozorroa alde batera utzi eta aitorpen harroputzak agertzen dira.

Neoliberalismo gordinaren garaietan, oso zuzenak ziren osasungintza publikoaren kontrako mezuak. Gehiegi gastatzen omen zen eta, beraz, murrizketak ezinbestekoak ziren. Gainera, kapitalaren logika nagusi, sistema pribatuak bideragarriagotzat aurkezten ziren, denon onerako emankorragoak-edo. 2008ko krisialdiak eredu hori urratu zuen, sobera begi bistakoa zelako. Jendarte haserreak ez zuen, alta, eredu neoliberalaren bukaera lortu, eta eliteek egokitzapenaren bideak hartu zituzten. Hau da, agenda bera gauzatzeko beste formulak bilatu zituzten.

Edozein gertaerak balio du egitarau hori zuritzeko, azken urteotan ikusi dugunez. Baina beharbada, covid-19aren pandemia izan da krudelena, noiz eta osasungintza publiko sendoaren beharra inoiz baino argiago ageri denean, ahultzearen bidetik jarraitu baitute. Trauma kolektibo erraldoia izan da birus horrek utzi diguna, hildako kopurutik hasita, populazioaren zati handien osasun egoera makurtu delarik, besteak beste, arretaren maila nabarmenki jaitsi delako. Izan ere, jende gehienak argi du lehen baino sistema publiko makurragoa dugula.

Lan isila edo diskretua da, askotan, osasungintza publikoaren suntsipen hori, baina, batzuetan, mozorroa alde batera utzi eta aitorpen harroputzak agertzen dira jende aurrean, edo sobera garden aipatzen da besteetan estaltzen dena. EAEko Gobernuko Sagarduik harria jaurti eta eskua ezkutatu nahi izan du, baina oso nabarmena da zein den bere hitzen atzean dagoen egitasmoa.

Mezua oso sinplea da: «osasungintza publikoa ahultzen jarraituko dugu eta horrek ondorioak izanen ditu zuen bizitzetan, errealitate hori lehenbailehen irentsi eta sektore pribatuan alternatibak bilatu!». Aldaketa kulturala, bai, to! Estatua bere eginbehar errepresiboetan indartu eta on komunerako tresnak ahuldu, zaharrak berri, horixe baita azken hamarkadetako mantra nagusia! Bestela esanda: neoliberalismoa.

Recherche