Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

San Martinetako uda txikia

Askotan egiten diogu erreferentzia San Martinetan uda txikia izaten dela dioen esaerari, eta, aurten ere, esaera horrek bete-betean asmatu du, tenperaturak oso epelak izan baitira lurraldearen zatirik handienean, baina bereziki ipar isurialdean. 

Fenomeno hori, ordea, ez da eta ez da izan batere ezohikoa urteen joan-etorrian. Urte batzuk badaramatzagu azaroak hotz eta euritsu doazela, baina ohikoak baino bereziki hotzago, elurra oso maila baxuetan egin baitu. Hala ere, izatez, azaroko ohiko eguraldia hori da.

Ekaitzak bata bestearen atzetik pasatzen dira, hego haizeak zakar bultzatzen du, eta tenperatura epelak ekartzen ditu -tarteka egun freskoagoekin- azaroko udazkeneko ohiko eguraldiak. Horregatik da ohikoa ere San Martinetan uda txikia izatea.

Hala ere, azpimarratu behar da, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, batezbesteko tenperaturek goitik jarraitzen dutela, nahiz eta urria nahiko normala izan den. Eta hori bai da kezkagarria.

Azaroak udazken beteko eguraldia ekartzeak ondoren negua etorriko dela esan nahi al du? Bada, ez dago jakiterik. Bada esaera bat «azaroa bero, negua gero» dioena, eta pertsonalki poztuko nintzateke hala balitz, garaian garaiko eguraldia egingo balu, guk, baina bereziki gure naturak, eskertuko baitu.

Recherche