Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Suteak eta eguraldia

Azken egunotan bizpahiru sutek  gure arreta piztu dute eta, zoritxarrez, baita paisaian eta ingurumenean kalte batzuk eragin ere. Ez naiz sartuko sute horiek nork eta zergatik sortuak izan diren. Hor bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Eguraldiak suteetan izan ditzakeen ondorioez arituko naiz.

Suteak gertatzeko, lehenbizi zenbait baldintza bete behar dira. Batetik, lurrak eta inguruko landarediak lehor egon behar dute; bestetik, atmosferak hezetasun gutxi izan behar du; azkenik, haizeak lehorra eta indartsua izan behar du, eta, beroa bada, are eta okerrago izango da.

Zein egoera atmosferiko da suteak gertatzeko aproposena? Bada, hego-haize indartsuko egoerak. Hego-haizea orokorrean oso hezetasun gutxirekin sartzen den haizea da (salbuespenen bat kenduta) eta horri bere indarra gehituz gero, arrisku latza sortzen du. Egoera hori udan eta udazkenean izaten da gehienbat. Eguraldiak berak bakarrik sute bat eragitea  oso-oso zaila da, hori bai.

Zer egin suteak ekiditeko? Batetik, zentzuz jokatu. Egoera meteorologikoak laguntzen ez badu, aire librean ez surik egin eta kontuz zigarrokinak lurrera botatzearekin, halako keinu txikiek sute handi bat eragin baitezakete. Bestetik, suteari aurre hartu; hau da, suari zabaltzeko trabak jarri, suebakiak barne.

Recherche