Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Eredua

Joseba Arregi euskal kulturaren zentsore ofiziala eta gobernu autonomikoaren bozeramailea zen garaian EITBren hasierako funtzioa birplanteatu zen, eta benetako sorgin-ehiza zabaldu zitzaigun euskalduntzearen aldeko borrokan dinamikoenak ziren sektoreen aurka. Horren berri eman dezakete AEK-k, Korrikak, Bertsozale Elkarteak edota ETB-ko zenbait aurkezlek, euskalgintza kontrolatzeko neurriak zuzenean pairatu baitzituzten.

Gaur egun, EITBren eredua birplanteatzen ari da, eta Korrikak berreskuratu egin du hedabide horretan, eta, oro har, erakundeetan, egun hauetan dagokion protagonismoa. Gainera, Urtzi Urkizu kazetariaren bezalako ekarpenak eredu komunikatibo hori birplanteatzeko beharra mahaigaineratu du.

Halere, aipatutakoa garrantzitsua izan arren, hori ez da erakunde autonomikoetan birplanteatu beharreko eredu bakarra. Argi dago polizia-ereduak ere, besteak beste, amildegira doala eta horretaz ere hitz egin beharra dagoela.

Gai honi buruz duela gutxi Zeelanda Berriko poeta baten olerki bat irakurri nuen, hemen oso ezaguna ez den arren idazkuntza garbia bezain sakona duena, eta, bide batez,  gaur zuekin batera partekatu nahi nukeena, Wellingtongo Louis Johnsonen “Ogia eta pentsioa” izeneko poesia da hauxe, gizarte klasista baten aurkako diskurtso ironiko bezain zuzena polizia errepresiogile baten gorazarrea aitzakia delarik izkiriatu zuena.

«Ez genuen erreklamatu behar, borrokatu baizik.
ordena mantentzeko, noski,
ez du inork legearen eskakizunei ihes egin behar.
Prezioa ogi zati bat izan zen, eta pentsio bat.
eta bizimodu lasaia, edonork badaki.
Batzuek aparteko orduak ere egin zituzten
erretiro-egunerako irabaziak handitzeko.
Nik ezin izan nituen alferren kexak ulertu,
ordu luzeez kexu zegoena
eta denbora alferrik galtzen genuela zioena.
Beti berdin da.
Esku trebeek zein ona den balekite.
Tximineta genuen guardia-gelan,
eta armen distira barrikaden aurrean
edota haizea emaztea nola, kanpoan.
Zenbaitetan karta-jokoa zegoen
eta konpainia onak,
etxean bezala sentiarazten gintuztenak,
izan ere,
desadostasunik eta irainik gabe,
irakurri ohi ziren albisteei buruzko iritziak.
Lasaitasunagatik bakarrik kezkatu ziren.
Bizi behar da. Ezin zara haren kontra egon,
zeren, egia esan, zentzuzko edozein gizakik
gauza bera nahiko luke.
Horregatik izan ziren errespetagarriak:
Agindu zietena bete zutelako,
presoak elikatu zituzten,
gorpu geldoak lurperatu zituzten
eta, behin baino gehiagotan,
sutara bota zuten
hildakoen gurdi bat.».

Recherche