Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Amnesiaren Gorazarrea

 

Adolfo Suarez Alzheimerrek jota hil dela-eta espainiar Trantsizio politikoa deritzanaz direnak eta ez direnak entzun behar izan ditugu egun hauetan. Gainera, Gipuzkoako Aldundiaren burua eta Donostiako Alkatea ere auziperatu nahi dituzte Madrildik agindutako dolu egunak ez errespetatzeagatik.

Errespetu falta da, ordea, saldu nahi izan diguten balizko Trantsizioari buruzko bertsio bakarra irentsarazi nahi izatea. Eredugarri bezain adostua izan zena, alegia.  Ez, ez dute gogoratu nahi nolakoa izan zen  bigarren Berrezarpen borbondarraren sustraiak baina hor daude, gerrate ondorengo giro hits bezain atzerakoian oinarrituta, eta Espainiaren politika egiteko modua definituz.

Preso dudan lagun baten bisita profitatuz “El encuentro ( la noche más frágil de la Transición)” izeneko antzezlana ikusi nuen Madrilen duela gutxi. Bertan, alderdi komunista legeztatzeko Santiago Carrillo eta Adolfo Suarezen arteko elkarrizketak taularatzen dira eta, testuak, kritikoa izan arren, ezin du saihetsi Trantsizioaren mitoaren bidez ezarritako Konstituzioaren tabuak eragozten duen adierazpen askatasunaren falta. Izan ere, orain Suarezen kasuan bezala, orduan, Carrillo hil zelarik, Erregeak berak “adiskidetze nazionala” nahiz monarkiaren beharra espainiar Trantsizioa deitutakoan teorizatu zuen Santiago Carrillo politikariaren hiletan, eta goraipatu zuen aipatu garaian Espainiaren alde eginiko lanagatik[1], aurreko egunetan Espainiatik aldentzeko dauden sezesionismoaren nahiak gogor kritikatu zituen Juan Carlos berberak (Carrillok PCEko idazkaritza nagusia 60ko hamarkadaren hasieran eskuratu zuen)[2].

Ez da ahaztu behar, bide batez,  Trantsizioaren arabera eraiki zela hala Carrilloren nola PCEren itzal luzea espainiar politika garaikidean[3] eta, horren oinarrian, estatu aparatuek Madrilgo Atocharen abokatuen aurka burututako atentatuaren bidez eragindako mehatxua izan zela (1977)[4].

Beraz, ahaztu beharrean, ondorioak azalarazteko eta balantzea egiteko garaian, une honetan, esan beharko genuke Trantsizioa ez zela Franco hil ondoren epe motzean burututako erregimen instituzionalaren inolako aldaketa azkar eta kontsentsuaturik izan, urte luzeetan zehar emandako botere politikoaren eboluzioa baizik, zeinean agerian zegoen indarraren erabileraren partez gizarte kontrolerako menperatze mekanismo deszentralizatuak (sarean) bezain modernoak hedatzen eta gauzatzen hasi ziren. Bada garaia, ordea. Trantsizioa zer izan zen zertzeko bertsio bakarrari aurre egiten eta, bide beretik, kontsentsutako Trantsizioaren mitoaz askatzeko[5].

 

Hau da, Espainiaren kasuan eta Franco hil ondoren, ustezko Trantsizioaren bukaeran, funtsezkoa izan zen kanpotik eragindako “tutoretza”.

 

Gogoan dut nola tarte horretan, 1976tik 1978ra bitartean, Helmut Smith, orduko Angela Merkel zena, etorri zela Madrilera eta, frankisten lemazaina izan zen Adolfo Suárez, berriz, joan zela Europara, toki guztietara, halako ziztu biziko bidaia haietako batean, Vatikanora ere joan zela, aipatu nazioarteko babesaren eske .

Eta bitartean, Espainiako lehendakariordea izan zena, Alfonso Osorio, joan zela Washingtonera eta elkartu zela Jimmy Carter-ekin, orduko Obama zena, haien botere politikoaren birmoldatzearen berri ematera.

 

Ondoren, Suárez bera ere joan zen Estatu Batuetara eta, azkenean, Nazio Batuetara. Eta Ameriketako Estatu Batuekin hitzartu ondoren, zer izan zen nazioarte mailan Adolfo Suarezek hitzartu zuena?

Bada, ematen duenez, hitzartu zuen, besteak beste, AEBen base militarren jarraipena eta  arlo guztietako kolaborazioaren jarraipena. Nazioarteari lasaitasuna eman zioten neurriak, hain zuzen.

Hori hitzartuta, Europar Kontseiluak eta Nazio Batuen Elkarteak oniritzia eman zioten frankismoaren Trantsizio prozesuari eta, nonbait, jorratu beharreko bidea onartu zuten.

Espainiar Trantsizioa, bada, ez zen eredugarria ezta adostua izan ere. Ez izateagatik ez zen ez eta espainiarra ere. Nazioarteak aginduta eta, inolako kontsentsurik gabe, oposizioari inposatua baizik.

Orain, Carrillo eta Suarez hil ondoren, amnesiaren gorazarrea egin nahi izan badute ere.

 

 



[1] el Pais 2012-09-19

[2] Zabaleta, P (2012) “De cuando Carrillo rompió la Ruptura” in GARA, 2012/09/22.

 

[3] Viñas, A; Hernández Sánchez, F; Ledesma, J.L; Preston,P. (2012). “Puntualizaciones sobre Paracuellos” in El País, 2012/09/21.

 

[4] www.youtube.com/watch?v=ivnSCzozgjo

[5] Requejo. F (2012)  Politika Zientzietan katedraduna «Bidea egitera goaz, eta uneren batean legeetatik kanpo aritu beharko dugu» 2012-09-15. Berria.

Recherche