0 commentaires

Betiereko itzuleraren bidetik

 

Ertzaintzak eta udaltzainek Nietzscheren jarraitzaileak bihurtu omen dira, izan ere, Gipuzkoa Plazatik Boulebarrera ari baitira mugiarazten Donostian Errauskailuaren aurka protestan ari direnak.

Haiek, berriz, toki batetik bestera doaz era baketsuan eta, itxaron ondoren, beren protesta ibiltariari segida eman ohi diote abiapuntura itzuliz eta probokazioetan erori gabe.

Bizitzaren zikloa irudikatzen ari direla dirudi. Ez da, inola ere, gurpil zororik bizi-katea baizik. Jakia zabor bilakatzen baita eta, ongarriaren laguntzaz, hazia fruitu izaten dugu, betidaniko itzuleran…

noiz arte?

Zeren, orain, ordea, transgenikoak direla medio, ezin da hazia erein erosi gabe eta,ohiko zikloa apurtuta, haziak antzutu egiten dira ongarriak ezertan laguntzen ez duen bitarten. Areago, dagoeneko hondakinak ez dira ongarritzat hartzen baizik eta desagerrarazi beharreko gainerakoak, ezertarako balio izango ez balute bezala.

Baina, aldiz, birziklagarria dena bere horretan onartu beharrean, bakar batzuk bai, batere lotsarik gabe, beren lepotik etekin pribatuak atera nahi dute nahiz eta horretarako errauskailu bezalako azpiegiturak eraiki denon dirua erabilita.

Badaude zenbait gauza inorenak ez direnak baina, halaber, denonak direnak,  hizkuntza edo ingurugiroa, adibidez. Berez ezin izango luke inork haietaz jabetu eta pribatizatu baina, kapitalismoaren arimaz bizi direnek, berriz, kalean ibiltzeagatik edota egunsentiak ikusteagatik kobratuko lukete. Ez da demokratikoa, jakina, baina etekinak sortarazten ditu…

Naturaren zikloa eta Kapitalaren zirkoa ezin dira berdinak izan antzera funtzionatu arren.

Bietan dago, fisikoa baita, mugimendua eta erresistentzia, agindu eta iharki…betiereko itzuleran,

Noiz arte?

/
derniers posts
derniers commentaires