Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Boterearen pornografia

Habermasen heriotza amaitzen ari den mundu baten heriotza ere bada, bai eta mundua ulertzeko bidean inoiz balio izan zuten idazkera eta pentsamendu baten heriotza ere.

Gaur egun, argi dago Habermasen esakunak errealitatea ezkutatzeko uztezko diskurtso faltsuak baino ez zirela, hau da, ideologia hutsa, Bigarren Munduko Gerratetik sortutako baina, dagoeneko, egungo bizimoduak eta politikak sostengatzeko balio ez duten hitz jarioak.

Izan ere, Kafkak esan zuen bezala, idazketa, eta Marxek idatzi bezala, pentsamendua bera, ez daude mundua entretenitzeko edo ulertzeko bakarrik, baizik eta mundu horri eta geure buruari begiratzen diogun modua eraldatzeko.

Habermasek uste zuen menderakuntzarik gabeko elkarrizketa arrazionala posible zela. Bere ideia nagusia ("The Theory of Communicative Action"-en azaldua) da pertsonek baldintza jakin batzuetan eztabaidatzen dutenean, denek hitz egin dezaketela, inor ez dela baztertua izaten, argudioak indarra baino gehiago direla eta baieztapenak justifikatu egin behar ditugula adostasun arrazionaletara iritsi ahal izateko.

Horri hizketarako egoera ideala deitzen dio. Habermasentzat, arrazoia boterea kritikatzeko tresna bat da, eta elkarrizketak menderatze bidegabeak agerian utz ditzake. Beraz, demokraziak ideal horretara hurbildu beharko gintuen.

Arazoa da diskurtsoaren arauak botereak zeharkatzen dituela beti, eta denok ezin dugula autoritate berarekin hitz egin. Izan ere, diskurtsoak erakundeek arautzen dituzte, eta zientziak, medikuntzak, legeak eta abarrek «egiazkoa» zer den definitzen dutela.

Horregatik, elkarrizketa libreaz hitz egin aurretik, hitz egiteko eskubidea nork duen, horri nork entzuten dion eta nor geratzen den bazterturik aztertu beharra dagoela.

Foucaultek, adibidez, kritikatu zuen arrazoia ez dagoela boteretik kanpo, baizik eta bere mekanismoak boterearen parte direla.

Habermasek esango luke: «Gizarteak oraindik ez ditu elkarrizketa arrazionalaren baldintzak betetzen baina, halere, ildo horretatik erakundeak hobetu behar dira».

Foucaultek, bere aldetik, zera erantzungo lioke: «Elkarrizketaz hitz egiten duen sistema bera haren enuntziatuak inposatzen dituen botere-egituraren parte dela ez dugu ezkutatu behar».

Munduaren egungo egoerak agerian utzi du Habermasen proposamenak jadanik pornografikoki biluzik geratu den arrazionaltasunez mozorrotutako botere-egitura ezkutatzea baino ez duela izan helburu. Bertan bego.

Recherche