Euskal Herrian energia nuklearrean oinarritutako bizimodurik egon ez zedin bere garaian Iberdueroren aurka borrokatu eta irabazi genuenok badakigu, jakin ere, ekoizpen elektrikoaren konpainia monopolistikoen botere izugarria zer den. Garai hartan estatuen baliabide publiko guztiak erabili zituzten, errepresio-indarrak barne, beren interes pribatuak defendatzeko, eta hildako asko suertatu ziren haien eraginez.
Estatu espainiarreko itzalaldi elektriko berriak, berriz ere, erakutsi digu gutxi batzuen interesak gehiengoaren premiei gailentzen zaizkiela, eta hura nekropolitikatik bakarrik ulertu daitekeen jarduteko modua agerian utzi digu.
Nekropolitika Achille Mbembe kamerundar filosofo eta politologoak garatutako kontzeptua da. Michel Foucaulten biopolitikaren ideiatik abiatuta, nekropolitikak boterearen beste dimentsio bat aztertzen du: bizitzaren eta heriotzaren gaineko kontrola.
Biopolitikak biztanleriaren bizitza kudeatzea du helburu (osasuna, ugalketa, higienea...); nekropolitikak, aldiz, heriotzaren gaineko kontrola aztertzen du: nor bizi daitekeen eta nor hil behar den erabakitzea, edo nork bizi behar duen baldintza jasanezinetan.
Mbemberen arabera, nekropolitika hainbat testuingurutan ageri ohi da, hala nola esklabotza eta kolonialismo egoeretan, apartheida dagoenean (Palestinaren okupazioan kasu), errefuxiatuen kanpamentuetan, bazterturiko auzoetan eta menpetasun energetikoan oinarritutako gizarte harremanetan. Gaur egun, gainera, nekropolitika mugen kontrolean, migratzaileen aurkako indarkerian, emakumeen aurkako jazarpenetan edo estatuaren utzikerian ere ikus daiteke.
Nekropolitika askotan arrazakerian edo «desberdintasun biologikoetan» oinarritzen da, botereak talde batzuk baztertzeko eta haien heriotza justifikatzeko. Estatuak ez ezik, beste erakunde batzuek ere (miliziek, armadek, enpresa pribatuek...). nekroboterea erabil dezakete.
Ikuspegi honen gaurkotasuna, ordea, begi-bistakoa da; izan ere, nekropolitika gaur egungo gizartean oso erabilgarri bihurtu zaigu ulertzeko nola populazio batzuk sistematikoki heriotzara edo prekaritatera kondenatzen diren, hala indarkeria zuzenaren bidez nola abandonua dela medio ere.
Azken itzalaldiak argi utzi du elektromendekoak garela, baina badira, adibidez, arnasa hartzeko hornidura behar dutenak eta, kasu horretan, argia oxigenoaren baliokidea da. Bizi edo hiltzeko larritasuna erabatekoa da kasu horietan.
Beste gaixotasun batzuek ere laguntza elektrikoa behar dute baina, salbuespen horiez gain, gaur egun elektrizitaterik ez izateak, oro har, herioa datorrela esan nahi du.
Nekropolitika heriotzaren politika da; botereak nor bizi eta nor hil daitekeen erabakitzen du, eta, bide batez, nork agintzen duen ere erakusten digu (gobernuek edo konpainia energetikoek), populazio osoak baztertu edo ahazteko behar adina indar dutenek...
Achille Mbemberen kontzeptua, bada, gaur egungo botere-harremanak eta indarkeria ulertzeko giltzarri da, gure bizimodua argitzeko balio baitu.