Fito Rodriguez
Fito Rodriguez

ETAk borroka armatuari uko egin zionaren efemeridea

 

ETAk borroka armatuari uko egin zionaren efemeridea baliatuz berriro ere entzun behar izan ditugu “indarkeriaren kontrako” ohiko kritikak eta “terrorismoaren aurkako” salaketa interesatuak.

Garai honetan aspaldiko J.Juaristik, F. Savaterek edo A. Artetak idatzitakoa zabaldu da berriz hedabideetan:

-Indarkeria politikoki erabiltzea beti gaizki dago eta gizakiak etikoki hori arbuiatu behar du ezinbestean, diote.

Aipatu hauen biolentzia politikoari buruzko diskurtsoa eskasa izan da oso baina iritzi publikoa elikatzeko balio izan da. Biolentzia beti erabili da politikan. Estatua hori besterik ez da-eta, bortxaren monopolioa. Halere, diskurtsoa tranpatia izanik eta, oraindik ere, hala izaten segitzen duenez, ahalegin ideologiko saldu horrek bere emaitzak ditu.

Nik Europan ezagututako, Alemanian, ezkerraren pentsamenduaz blai zegoen Rote Armee Fraktionek (RAF delakoak) bere ekintza armatuak bukatu zituen haien buruzagiak Baader, Ensslin eta Meinhof 1972an atxilo zituztenean. Antzerako suertatu zitzaien Italian Brigada Gorriei hamarkada haren bukaeran. Korsikan eta Irlandan talde armatuak ezagutu ditut ere baina, azken hauek, beren kasa amaitu zuten jardun politiko-armatua. ETAk bide hori hautatu zuen baina espainiar Estatuak ezikusiarena egin zuen eta, oraindik ere, espainiar asko ETA indarrean dagoela sinistuta daude. Enfin...

Funtsean, Christina Werckmeisterek zioen bezala (2019/11/26 in Doce Miradas), gaia politikan kokatu beharrean deskribatzen duten bortxa “indarkeria” ohi da beti, erabilitako psikologia mekanismo salgoi bat dela medio. Beraz, arazo politikoa ongiaren eta gaizkiaren arabera birkokatzen dute etikan “trikimailu psikologiko” moduko bat erabiliz, sakonki aztertzeko premiarik gabe, konbentzitzeko eta gizarte jarrera bat behartuz “kondenamania” gizentzeko.

Azaleko argudio mota horrek banakako portaera morala eskatzen du arazo politiko kolektibo bat konpontzeko. Aipatu argudio horren lehen arazoa da ustezko indarkeriak ez duela zerikusirik protagonistaren joera moralarekin, baizik eta bere jarrera soziopolitiko nagusiarekin. Hemen gertatu dena da “moral reframing” izeneko pertsuasio-erretorika klasikoan sartzen gaituztela. Politikako gaia litzateke:

-indarkeria onartezina da ala batzuetan beharrezkoa izaten da?

Eta, hala izatekotan, ez litzateke inolako “keriarik” izango, bortxa kontzeptu hutsa baizik.

Komunikazioari dagokionez, deseroso ez egoteko helburua betetzen duen proposamen faltsu honek, eta hori bera arazo bat da (argudio honen bigarren arazoa), inork ezin baitu erosotasunean gelditu indarkeriaren benetako dimentsioa ulertzen duenean (Estatuaren bortxaren monopolioaz ari naiz...). Baina, politikoki pentsatzeko behintzat, indarkeria ez da bortxaren sinonimoa, eta pentsalari desberdinen lanek (Marx, Foucault, Benjamen, Harendt...) horixe bera gogorarazi digute arazoa behar bezala birkokatuz, etikaz nahiz antropozentrismoaz harago, politikan, alegia. Segi dezagun pentsatzen besteen zaunka entzuten dugularik (aditu ez, gero!)

Recherche