Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Etsaiaren aurkako ankerkeria

Bere sorreratik “etsaiaren kontrako” tesiari atxiki zion Espainiako Barne arazoetako ministerioak Hego Euskal Herrian ziharduen poliziarentzat prestatu ZEN Planaren (ZEN= Zona Especial Norte edo Ipar aldeko Eremu Berezia) “Ekintza Psikologikoa” kapituluaren idazketa inspiratu zuena. Plan horrek, Euskal Autonomi zein Nafarroako Foru Erkidegoa izenekoak ez ezik, Ipar Euskal Herriarekiko ingurumaria ere hartzen zuen aintzat eta presoen aurkako kanpainari ekin zion.

Nahiz eta 1983ko udarako sorturik egon, aipatu Plana soilik 1984ko Lege Antiterroristarekin gauzatu zen (terrorista= etsaia). Bere aplikazio aldia, bestalde, bost urterako aurreikusita zegoen, baina indarrean jarraitu du orain arte eta bere eragin eremuak indartuz joan dira, berezko salbuespen izaera gainditu eta hurrengo urteetan zehar CAVeko Gobernuak eskatutako ekarpenak zirela medio legedi arruntean sartzeari esker. Orain, ETAK jarduera armatuari amaiera eman arren, planak badirau.

Plangintzak hedabideekiko ekimen etengabeen garaiari hasiera eman zioten, beren lehen emaitzak 1987an igartzen hasi zirelarik. Halere, eraginkorrago bilakatzeko oldar handia 1988an eman zen, hau da, Estatua defendatzeko giza-energia guztiak batzeari begira informazio-etorrien kontrola ezinbestean zekarren[1] Ajuria-Eneako Ituna (“Itun antiterrorista”-tzat ere izendatua) izenpetu zutenean. Orduan, ETA euskal erakunde independentistak eta espainiar Gobernuak elkarrizketetan ziharduten Arjelen, eta honek kontrolik gabeko informazio ugari hedatu zuen. Hortik aurrera Estatuak hedabideekiko elkar lana sustatzen jardun zuen. Informazioa kontrolatzeko saiakera eta ikerketa etengabeak gaur egunean indarrean ditugu eta orain, inoiz baino gehiago, informazio/iritzi-kontrola horiek gauzatzen ari dira. Josu Uribetxerriaren tratera mediatikoan adierazi dugun kontrola nabarmena izan da.  

Guztiarekin ere, euskal gizartearen komunikazio mailan eman den hausturak ez dio, dagoeneko, sinesgarritasunik ematen prentsa berriei…Somagarritasun eta mesfidantza horiek sistematikoki erabiltzen ari dira Estatuaren aurreko defentsarako nahiz eta Estatuak “ingurune terrorista”ri ezinbestean atxikitzen dion “etsaia”  deabrutzeko asmoa, legea eta eskubideak betetzea besterik eskatu ez arren, hil ala biziko gurutzadan egongo  bailitzan.

Gauza berria ez bada ere, gizartean eta ez arrazoi analitikoetan eragindako inpresio eta pertzepzioetan oinarritu egoera hori, Estatuaren aurka agertzen den euskal gizarteari zilegitasuna kentzeko zinezko saiakera da.

Antzeko egoera bati buruz mintzo, honela zioen Toni Negri irakasleak:

«Gertakari historikoen errukigabetasunak zein Estatuaren krudeltasunak bultzatuta aurkaritzatik terrorismorako jauzi bihotz-gogorraren murriztapena pairatu duten guztioi dagokigu mehatxu honen soka ezin gogorragoa apurtzea»[2]. Hori bai, «mehatxu honen soka ezin gogorragoa apurtzeak» ohiko hizkeraren erabilpenarekiko jarrera kritikora garamatza. Ez dezagun, bada, “espainiar justizia” bezalako esamolderik inoiz erabili behar, etsaiaren aurkako ankerkeri espainiarra baizik[3].

Fito Rodriguez.



[1]           Faugot, R. (1989) Guerre speciale en Europa. Textes-Flammarion, París.

 

[2]              Negri, T. (1991) «Terrorismo y derecho». In Terminología científico-social. Anexo, p. 496. Anthropos. Barcelona.

 

[3] Ovejero, J (2012) La ética de la crueldad. Anagrama. Barcelona.

Recherche