Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ez al da aski susmagarria?

 

Erlijioak dauden tokietan bakerik ez dagoela esaten da. Israel lekuko!

Baina, halere, ez pentsa, erlijioak gainditu nahi izan zituen sionismo politikoak, adibidez, erantzukizun handia du Israelgo gerra garaikideetan.

Ematen du politikak eta erlijioak ez dutela batere antzik. Batak praktikoa bezain arrazoizkoa behar duela izan eta besteak, berriz, alderantzizkoa…

Dena den, Israelgo gerretan, funtsezko eragina politikoa da, ordea.

Izan ere, “Gure Aitaren” idazki zaharrena gordetzen zen toki berean, Suitzan, hasi zen eratzen, 1897an eta Teodoro Herzlen eskutik, Jerusalemgo erlijio guztiez gain, munduko juduen baketokia eraiki nahi izan zuen sionismoaren ideologia politikoa. XX. mendearen hastapenetan, 1909an, lehenengo nekazaritza‑bilgune utopikoa (kibutz-a) ezarri zuten Tiberiades aintziraren ezpondetan. Beraz, ezin arrazionalago eta baketsuago hasi zen sionismoa, nahiz eta, handik gutxira, egun odoletan dagoen zauria irekitzen hasi izan.

Horrela uler daiteke horrek, bere garapena behar izan zuela. Lehenengo Mundu Gerrarekin batera, turkiarrek Jerusalem galdu eta britainiarrek, aldiz, Palestina osoa eskuratu zuten. Azken hauek, 1917an, “Balfour” deituriko agiriaren bidez, lur haietan egoteko juduen eskubideak onartu zituzten eta horren ondorioz, Bigarren Mundu Gerra amaitu arte, etengabeko lipizta sesioa zabaldu zen. Naziek eragindako Genozidioren aurretik, bada, hain nabarmena zen biztanle juduen gorakada (aliah, hebraieraz), ezen, 1936an Jerusalemgo palestinarren agintariak haien aurka matxinatzeko proposatu zuela. Gauzak horrela, Nazio Batuen Erakundeak, Palestina bitan banatzea onartu zuen 1947an. Palestinarrek ez zuten hura onartu eta, hortik aurrera, hasi zen juduen independentziarako gerra. Juduek Tel-Aviv aukeratu zuten hiriburutzat eta Ben Gurion lehen ministro. Inguruko arabiar gobernuek, etsita, su-etena adostu zuten 1949an Israelgo estatua onartuz eta, Palestina, berriz, Jordania eta Egiptoren artean  banatuz. Ez zuen asko iraun hitzartutakoak. Alde batetik, palestinarren ezinegonak arabiar gobernuak gerrara eraman zituen berriro ere 1967an, eta bestetik, mota guztietako juduen etorrerak (askenaziak, sefardiak, etiopiarrak, etab…) lurraren premia areagotzen zionez, Israelek orduan gerra zela medio eskuratutako lurraldeak bereganatzera jo zuen Nazio Batuek (242. ebazpena) aurreko mugetara itzultzea derrigortu arren. Horri kasu egin nahi ez izanak ekarri zuen 1973ko gerra ( Yom Kippur deitua) zeinetan 1967az geroztik ezarritako mugak finkatu zituen nahiz eta Nazio Batuek berriro ere, 338. ebazpenaz, hasierako lurraldeetan banatzea berretsi zuen. Eta, gutxi gorabehera, gauzak horrela daude orain… Dena borroka eta zipirri-zaparra. Baina, edozein modutara ere, makina izan dira ordutik hona bake saioen ahalegina.

Horixe, duela gutxi gertatu bezala, saiatu bai, askotan ahalegindu dira bake gauzatzenIsraelgo lurretan. Esaterako,  aurreneko menia‑aldiez aparte, 1978an AEBetako presidente J. Carter‑ek,  Camp David izeneko hitzarmena bultzatu zuen Egiptoko buruzagi zen Anwar el Sadaten eta Israelgo Menahem Beginen artean, baina, indarrean jarri ez zenez, “Intifada” deituriko matxinadari ekin zioten palestinarrek. Osloko elkarrizketetan adostutakoak ekarri zuen 1994an Kairon sinaturiko akordioa, zeinetan Palestinarren autogobernua onartuta gelditu zen bi aldeetatik. Hurrengo urtean, ordea, juduen aldetik Bakea sinatu zuen Issac Rabin hil egin zuten. Handik aurrera gerraren aldekoa den “Likud” (Argia) alderdiak hauteskundeak irabazi izan ditu Israelen eta balizko Bake hura Jerusalemgo karriketan baino gehiago paperetan besterik ez dago.

Eta galdera da: Nork hil zuen Issac Rabin?

Igal Amir izeneko soldadu‑ohi batek. Israelgo sionismoak, teorian erlijioaren eta estatuaren arteko bereizketa onartu arren, Torah ikasteko armadara joan beharrik ez izatea ahalbideratzen du. Dena den,  Amir horrek, yeshiva hesder batean, hau da mintegi militarrean egin zuen bere soldadutza elite taldeetara pasatu arte. Bere anaiak, Haggai Amir goi‑mailako tiratzaileak, Rabin hiltzeko erabili zituen bala bereziak prestatu zizkion. Ez zuen, beraz, palestinar batek hil, Israelgo armadan hezitako judu ortodoxo batek baizik. Egiptoar armadako soldaduek Anwar el Sadat, bakezale arabiarra hil zuten modu berean, bestalde…

Eta orain, bakea berriro ere bideratzen hasi zenean, hiru judu gazte bahitu eta hil egin zituzten…Ez al da aski susmagarria?

 

Recherche