Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ezjakintasunaren gaitza

Jakituriaren kontrakoa da ezjakintasuna, noski.

Diotenez, Naguib Mahfouz idazlea hiltzen saiatzeagatik burututako epaiketan akusatuari galdetu zitzaion: -Zergatik hil nahi izan zenuen? eta hark arrapostu zuen: -Erlijioaren aurkako eleberri bat idatzi zuelako.

Berriro galdetu zioten: «Baina, irakurri al zenuen liburu hori?»; eta bere erantzuna hauxe izan zen:

«Ez».

«Orduan, zergatik hil nahi zenuen?».

«Ez zuelako federik».

«Nola dakizu?».

«Bere liburuetan dago».

«Zeinetan?», eta akusatua, isilune baten ondoren, ihardetsi zuen: «Ez dakit. Ez ditut irakurri».

«Eta zergatik ez dituzu irakurri?».

Gizonak, burua makurtu, eta aitortu zuen: «Ez dakit irakurtzen ezta idazten ere...».

Alegia, ulertzen ez zituen ideiengatik Naguib Mahfouz hiltzen saiatu zen, definitzen ez zekien kontzeptuengatik gorrotatzen baitzuen idazlea.

Askotan indarkeria pentsamenduezatik sortzen baita gorrotoa ezagueraren faltaren bidez hedatzen den era bertsuan.

Hau da, gizarte batek jakintzari uko egiten dion bakoitzean indarkeria erabiltzeko prest dauden gizakiak sortarazten ditu. Hori da ezjakintasunaren gaitza.

Baliteke Erdi Aroaren amaiera eta modernitatearen hasiera Inmanuel Kanten honako esaldi hau izatea: «Ausar zaitez jakiten».

Baliteke, halaber, postmodernitatearen amaierak eta teknofeudalismoaren hasierak jakintzaren desagerpena behar izatea gure garaian.

Jakintza eta teknologia maila desberdinetan mugitzen dira, jakintzak ongia eta gaizkia bereiztearekin zerikusia duen bitartean, teknologiak, bere aldetik, helburuak lortzeko bitarteko eraginkorrak sortzen saiatzen da, aipatu helburuak haiek zeintzuk diren aintzakotzat hartu gabe.

Jakintzak esperientzia, gogoeta baita arlo etikoa ere biltzen ditu, eta norberaren bizitza bideratzen eskatzen du, hau da, zer merezi duen, zer den bidezkoa, zerk gizakiago bihurtzen gaituen eta zerk degradatzen gaituen bereizten arduratzen da. Jakintza ez da datuak metatzera mugatzen, ezta teknikoki oso trebea izatera ere eta ez da eraginkortasunarekin ezkontzen bakarrik.

Teknologia, ordea, helburu jakin batzuk lortzeko errealitatea eraldatzea ahalbidetzen duten tresna eta prozeduren multzoa da, azkarrago ekoizteko, urrutitik komunikatzeko, atazak automatizatzeko eta abarrerako gaitasuna handitzen ditu. Teorikoki, teknologia moralki neutroa omen da (arazoa ez litzateke izango mugikorra edo AA, zertarako eta nola erabiltzen diren baizik), baina, berez, teknologiak «helburuak lortzeaz» arduratzen da soilik eta ez bizitzari zentzua ematen dion «zertarako» horretaz.

Horrenbestez, gaur egungo mundu teknofeudalean teknologia suntsitzailea bihurtu zaigulakoan nago, duintasuna sakrifikatuz, etekinak maximizatzen dituelako.

Gizarteak, gaur egun inoiz baino gehiago, hazkuntza behar du jakinduria politiko eta kulturalean, ez soilik teknologian eta ekonomikoan.

Kanten leloaren kantura itzuli beharra dago, bada.

Recherche