0 commentaires

Gezurrak bizi gaitu

 

Iruñako Sanferminak badatoz eta, Iruñan gertatutako oraingo eta aspaldiko minek eraginda, hantxe suertatutako zorigaitz anker bat edo beste hartu nahi ditut hizpide. Gertakizun larriak eta, bide batez, haien inguruan zabaldutako gezurrak aztertzeko asmoz behinik behin.

Iruñako sozialisten buruzagi batek (M.Esporrin errioxarra), eskuinari alkatetza eskuratzea erraztu ondoren, adierazi zuen: “EHBilduk eta Geroa Baik nahiago izan dute Maya alkatea izatea” eta, berehala, PSOEko bozeramaileak (Abalos, Carbonerito toreatzailearen semea) erantsi du: “Iruñako alkatetza Nafarroa Sumak hartu du PSOEk nahita”. Bietatik, nor ari da gezurretan?

Gezurra ez ohi da agertzen Soziologian nahiz eta, nahita nahi ez, gizarte-harremanetan presente egon. Gezurra hedabideetan azaltzen da, eguneroko hitz-jarioetan eta politikoen diskurtsoetan. Gezurraren bizipena badago, egon, baina ez da ohikoa izan hari buruzko hausnarketarik.

Horren aurrean Simmelek zioskun (1986. Sociologia) gizarteen ikerketan kasu egin behar zaiola esaten denari eta isiltzen denari, eta bi aldeek eraiki egiten dutela komunitatea (komunikazio-gunea). Gezurraren historia eta teoria behar ditugu, beraz.

Ez naiz moralaz edo etikaz ari, soziologiaz eta politaz baizik. Areago, gezurrak gizarteak ikertzeko bidean duen garrantziaz. Errealitatean ez baitago egia edo gezurrik baina hura azaltzeko erabiltzen ditugun esakunetan, aldiz, biak agertzen dira ezinbestean. Gezurrak, hain zuzen ere, moralak eta etikak agintzen dituzten mugetatik harago dagoenaz mintzatzeko erabiltzen baitira. Eta errepikatu egiten dira, etengabe, komunikazioaren ardatz bihurtu arte.

Ezin da bizi isilunerik gabe edo zenbait gauza estali gabe, erlijioak edo epistemologia positibistak egia gurtu arren.

Gezurra da fikzioaren funtsezko mekanismoa, narrazioen ardatza eta finean, komunitatearen oinarria. Egia bezain beste, behintzat. Horixe izaten da gizateriaren patu dramatikoa. Mesfidantza, eszeptizismoa eta adorea dugu, beraz, bizi-irauteko ikasi beharreko lehenengo ikasgaiak, gezurrarekin batera bizitzen jakin behar baita.

Gezurra dago erkidegoaren hasieran eta bere bilakaeran. Gezurra dela bide garatzen da gizartea, hori da egunerokotasuna eta oroimena, zeren aipatzen ez dena, estaltzen dena edo, zuzenean, oker adierazten dena, oroitzapenean geratzen da iltzaturik betiko.

Animalia-kulturetan ere itxura faltsua egiteak bideratzen ditu ehiztariaren garaipena edo ehizakiaren bizi-iraun ahal izatea. Landareek ere, estrategia berdina erabiliz, engainatu egiten dute polinizazioa dela medio edota berezko izaera mozorrotzeko. Berez. Volker Sommer-ek bere “Gezurraren gorazarre”-an (1995- Elogio de la mentira y el engaño en hombres y otros animales.) lehoiak ez duela engainatu nahi dio. Lehoiak ehizatu egin nahi du, bizi-irautea da bere patua.

Gizakiok garen animalien artean ere, gezurraren funtsa ezin da berariazkoa ote den horretan oinarritu haren ezinbestekotasunean ulertu baizik.

Ulisesek heroiak eta Greziako Jainko guztiek gezurra erabiltzen zuten eta haren erabilera aldarrikatu egiten zuten.

Aristotelesek gezurraren gorazarrea egin zuen bere Poetikan nahiz eta Etikan hori zehaztu zuen. Bere Politikan, ordea, partekatzen den hiriari buruz aritzerakoan, gezurraren kudeaketa gizaki bakoitzari dagokiola dio.

Eta hauxe litzateke, bada, egun berreskuratu beharko genukeen jarrera, alegia. Gizartean bizitzeko mesfidantzak konfiantzak bezain besteko pisua dauka. Eta, beraz, gezurren aurrean bizi-irauten ikasi beharra dago.

Eta hasierako gaiari heltzera noa:- zer gertatu zen Madrilen 2004ko martxoaren 11tik 14ra?. Izugarrizko atentatua, hauteskundeak epe oso laburrean suertatu ziren eta, haietan, gezurra nagusi.

Espainiako gobernuaren komunikazio buruak, Cayetana Alvarez de Toledok (egun P. Casadoren albokoa), atentatua ETAk egin zuela zioen. Ezker Abertzaleko ordezkariak, A. Otegik, aldiz, ezetz zioen baina, halere, gobernu zentralak zabaldutako bertsio ofizialak (Fake News) ez zuen disidentziarako aukera txikienik ere eman: Euskadiko Gobernu Autonomoa haren alde lerratu zen (Ibarrtxe lehendakaria eta M. Azkarate bozeramailea) eta nazioarteko erakundeek, hala Europakoek nola NBEk ere, horrekin bat egin zuten…, orain arte, nahiz eta hori dena gezurraren erabilera politikoa izan zela frogatuta gelditu zen.

Hala eta guztiz ere horrek guztiak ondorioak ditu. Izan ere, aipatutako bertsio ofizialaren beroan, adibidez, urte bereko martxoaren 14an zerbitzuz kanpo zegoen polizia nazional batek Anjel Berroeta okina hiltzen lagundu zuen Iruñan.

Gezurrak egiak sortzen ditu. Fake News-a nola antzeman, ordea?

Moduak badaude, jakina. Dagoeneko berri faltsuak bilatzen dituzten web-orriak badaude martxan, hala nola, La Buloteca, Hoaxy, Cazhosx, FactCheck.org eta abar luze bat. Halaber, sarean zabaltzen den “Wiki tribune” izeneko egunkariak Fake News-ak gezurtatzen ditu nahiz eta berez, Wikipediak ez duen WikiTribune sortu. Wiki hitza duten webgune guztiak ez dira Wikipediarenak. Ezta Wikimedia Fundazioarenak ere…

nahiz eta Deia-Bizkaiak horrela zioen 2018/09/26an: “Wikipedia lanza hoy WikiTribune en español para luchar contra las ‘fake news’: El objetivo es que los usuarios lean artículos basados en hechos, cuyo impacto sea real tanto en eventos locales como globales”…, eta hura bera Fake news-a zen!.

Gezurra gezurtatzeak, halere, ez du asko balio zeren Fake News-ak eta zurrumurruak funtzionalak dira benetakotasuna aitortzen zaien heinean.

Arazoa ez da, esaterako, martxoaren 11ko atentatuen atzean ETA ez zegoela esatea, kontrakoa, faltsua izan arren, sinesgarri bihurtu zela baizik. Honek adierazten baitu zer-nolako gizartean bizi garen…, eta horretarako balio du, hain zuzen ere, ahalegin honek. Ez Fake News delakoen faltsutasun maila neurtzeko ezta, noski, gezurtatzeko ere, baizik eta bizi dugun gizartea aztertzeko tresna oso egokiak direla nabarmentzeko.

 

/
derniers posts
derniers commentaires