Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gizaki arruntaren itxaropena piztu zenekoaren izenaz

 

“Jende anonimoaren memoria laudatzea askoz zailagoa izaten da ospetsuen gorespena egitea baino”- zioen Walter Benjaminek eta, ildo beretik, diot nik, duela bi urte  Euskal Herrian etsipenetik irteteko  bildu zen izengabeko jende andana gogoratzea ere ez da uxterra izanen.

Duela bi urte, oraindik izengabea baitzen Euskal Herriko itxaropen politikoaren izaera.

Duela bi urte arte Euskal Herriko politika errekestek, hamaika izendapen eduki arren, ezin izan baitzioten jazarpenari alde egin, behar adinako arrakastarik erdietsi ez zutelako.Baina “Euskal Herria Bildu” izenak eskuartea eta itzala eman zizkien itxaropen eskaera zapuztu haiei.

Eta ahurka, aldraka, ausarkian, burrustan, eurrez, galanki, gogotik, jori eta naro, oparo eta ugari, uholdeka, nahi ahala eta adarka piztu eta poztu zen esperantza Euskal Herriko jende anonimoaren artean…eta hori gogoratu beharra dago, baita goratu ere, jakina, zeren nostalgia, berez, itxaropenaren bertsio bat besterik ez dena, amandaondo lorea bezainbat, lilitu egiten baita negua amildu ahala.

Izen batzuetan gizakiok ez baitugu gogoa soilik jartzen, arnasa baizik, eta izen horiek, jendeak errepikatzen dituenean, biderkatu egiten baitira eta esperantza bihurtzen.

Izen horietariko bat da „Euskal Herria Bildu“.

Euskaldunok esna egiten dugun ametsa.

Euskal jendartearen euskarria.

Gure aldarrikapenen elikagarria.

Despotismoaren eta nahiezinaren  aurkako zina.

Negu ilunetiko bidexkatik aitzina sumatu genuen egunsenti haize fin hozkirria, udaberriaren seinale.

Uzta aurreko izendapen itxaropentsua.

Euskal Herria Bildu.

Herriminetik sortutako indarra.

Euskal Herria Bildu.

Nahimena.

Erakarpena.

Etsimenduari aurre egiteko Euskal Herria Bildu.

Duela bi urtetik honako jarraibide-eredu politikoa.

Adoregabetuei  kitzikaduraren ardura itzuli ziena.

Euskal Herriaren Bildurra Euskal Herritarron Bildura ekarri zuena.

Danteren infernuko atean zegoen aginduari zutik bezain zainart ihardesteko izena.

Euskal Herria Bildu.

Hautsik harrotzen ez duen borondate lasaia.

Deserria amaiarazi nahi duen hazia.

Beraz, esperantzaren alderantzizkoa den oroimenetik, gaur esan dezakegu:

Euskal Herria Bildu,

Euskal Herriko gizaki arruntaren itxaropena piztu zuena, putzutik ateratzean dorre bihurtzeko jaio zen ekimena, badela, badagoela, bagarela…

 

Fito Rodriguez.

 

Donostiako Miramar Jauregian 2013-06-23an







Recherche