0 commentaires

Gizarte Aitorpena dela eta

 

Egun, Koldo Mitxelenaren izenarekin lotuta dagoena “liburutegi, kulturune, ikastetxe, plaza eta kale, sariak… aipatu dituzte denek bat-batean; gutxiagok euskara aztertu zuen gizon inportantea zela diote” (Elixabete Perez Gaztelu. Koldo Mitxelenaren Zubia. BERRIA. 2012-10-11).

Txillardegi, ordea, oraingoz behintzat, Euskal Herriko kaleko izendegietan inon agertzen ez denez, euskararekin edo Euskal Herriko askapen borrokarekin lotzen da gehien bat  (baita ETAren fundatzaile moduan ere...)

Adibidez, Jakin aldizkariko zuzendaria den Lorea Agirrek, Txillardegiren lana digitalizatzeko Gipuzkoako Aldundiak emaniko dirua eskuratzera joan zenean, “errazena” Txillardegirentzat eraikin baten izena ematea zela zioen eta, inportanteena, berriz, bere lana atontzea…(BERRIAn .2015-01-14). Nire esperientzia apalean, aldiz, Mitxelenaren kasuan ez bezala, ez da batere erraza izaten ari Txillardegiren ikusgarritasuna eta oroimen kolektiboa ziurtatzea gure artean eta, Mitxelenarekin alderaturik behintzat, asimetria handia sumatzen dut bion agerpen publikoari nahiz instituzionalari dagokienez.
Wikipediara jo ezkero Txillardegi hizkuntza askotan agertzen da (nik kontsultatutakoan hamasei hizkuntzetan) eta Mitxelenari buruzko sarrerak, berriz, askoz gutxiago dira (euskaraz eta gaztelaniaz ditugu garrantzizkoenak) baina Wikipedia, kale izendegiak ez bezala, ez dago politikoen esku.

Bistan da biak egon zirela preso behin baino gehiagotan, Mitxelenari heriotza-zigorra ezarri zioten gainera, baina Txillardegi tirokatua izan zen Josu Muguruza hil zuten atentatuan Espainiako Legebiltzarrean senataria zela, eta politikariek ez dute inoiz biktimatzat hartua izan.

Biak  «polifazetikoak eta behatzaile zorrotzak» izan ziren nahiz Mitxelenari aitortzen zaion modu onean eta Txillardegiri jarrera ustez“polemista” zaila leporatu ohi zaion…

Mitxelenaren ekarpena Bidegileak bildumako alean ikus daiteke aspaldidanik, Txillardegirena, nonbait, bilduma horretarako aspaldi idatzita egon arren, idazki hau burutzen ari naizen une honetan, zendu zenetik hiru urte t´erdira, kaleratu gabe jarraitzen du.

 “Mitxelenak zioen:«hay dos cosas que yo considero poco vascas: las efusiones sentimentales y las bravatas. Los vascos tendremos todos los defectos del mundo, pero esos dos no. Los sentimientos más profundos de los vascos son los que menos se manifiestan» (Elixabete Perez Gaztelu. Koldo Mitxelenaren Zubia. BERRIA. 2012-10-11)
Txillardegik bere sentimenduak plazaratu zituen, euskaraz, euskal literarurari burutazio nahiz esperientzi berriak eskainiz. Bere personaiak berau batziren, haien kezkak, Txillardegirenak, sentimendu sakonak bezain isurberak (Emilio Lopez Adan, Txi llardegi: Enigma variattons. Maiatz. Baiona. 2012).
Mitxelenak batuaren alde egiterakoan bere alderdikoak ziren EAJko asko kontra izan zituen eta horretan, dudarik ez, biak batera joan ziren, orduko Euskaratzaintzak (Herri hizkeraren Akademiak) ez zuen asko lagundu, batasun bidearen aurka zeuden eta horretan dihardute oraindik ere, baina Txillardegiren ekarpenaren garrantzia, zenbait adituk salbu, ez du kasik inork ezagutzen (Gotzon Aurrekoetxea. Txillardegi eta Euskara Batua. Hegats 49. 137/145.or. 2013).

Honengatik guztiagatik ez zitzaizkidan egokiak iruditu goian aipaturiko Lorea Agirren hitzak Gipuzkoako Foru Aldundian zeren eta Txillardegik euskal kulturari emandakoaren lan munta bere ekarpena ezagutzen duten guztiek (bere aurka aritu diren adituek barne) ezagutu eta onartu arren, ez da gauza bera gertatzen gizarte mailan non, ezagutzekotan, bere alde politiko desitxuratua besterik ez den zabaldu.

Mitxelena  Zubi gizona izan zela diote (Elixabete Perez Gaztelu. Koldo Mitxelenaren Zubia. BERRIA. 2012-10-11), ez da gauza berbera aipatzen Txillardegitaz nahiz eta zubiek bi alde dauzkaten…

Bi aldetako iritzi ezberdinetan kokatu ziren Mitxelena eta Txillardegi 1982an UZEIk lantzen zituen hiztegien inguruan sortutako polemikaz. Jakina denez, polemika hura Mitxelenak berak sortu zuen UZEIren lana bortizki kritikatuz. Bere ustez euskal terminologia arloka argitzen argitu aurretik lexikografia lan akademiko sakona egin beharra zegoen. Txillardegik UZEIren ahalegina ezagutu zuen bertatik bertara eta haren beharraren eta kalitatearen alde zegoen. Auzi honetan behintzat Mitxelena ez zen zubigilea izan eta, Txillardegi, aldiz, bai.

 

/
derniers posts
derniers commentaires