Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gobernu titerea

Titerea hitza iraina izaten da, baina jendea gutxiesteko asmaturik dauden antzerako hitzen antzera, bere eduki esanguratsua ere badu noski. Horregatik, iraintzeaz gain, aipatzen ari garen pertsonen nortasuna hobeto ezagutarazteko baliagarria zaigu. Izan ere, irainak adjetiboak besterik ez direnez, izaerak edo jardunak kalifikatzeko erabili ohi dira betidanik. Honetan, berriz, titere hitzak ez du adierazten gizaki jakin baten nortasuna soilik baizik eta, areago oraindik, haren jarrera giza harremanetan.

Atsotitza omen da titerearen jatorria. «Bestearen mendeko panpina, huskerien egilea...» adierazi nahi baitu. Purtxileriaz edo zirtzileriaz arduratzen dena eta, bide batez, gainerakoei ziria sartu nahian halakoak saltzen dabilena da. EAEko gobernuburua, alegia.

 

Titereak, bere buru hantuste horrekin, roboten hizkuntzak erabili ohi ditu herri xehea liluratzeko. Bere merkantzia merke saltzeko joera eduki baina, ezertarako balio ez duenez, garesti ordaindu izaten da gero nozitutako lilura. Hau da, harropuzkeriaz tutik balio ez duenaren saltzaile saldu gisa agertzen den hura dugu titerea.

Nik neronek erabili behar izan dut hitz hori inoiz gure Unibertsitatean (UPVn) bertan bost duroko diskurtso asko pairatu behar izan dugulako. Etikatik zein Antropologiatik, Psikologiatik nahiz Filosofiatik ere, giza harremanak argitzea baino norberaren handinahien eta ezinikusien zerbitzurako eraiki eta hedatu izan dira bai teoriak baita irudikapenak ere. Alta, gizartean suertatzen denari kasu egitearen partez, eta kari hartara, horri buruz ikertzeko eta aritzeko lanabesak ematearen ordez, interes pertsonalen araberako ustezko ikasgaiak eta irudiak zabaldu ohi dira gurean ospe ustela bezain maltzurra lortzearren. Asko eta asko izan dira gure aspaldiko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik iragandako mota horretako irakasle ugerdoak. Gehienak (odolkiak ordainetan...), honezkero kanpoan badaude ere baditugu oraindik titere galantak direnak. Dena den, aipatu jarrera unibertsitate-izaerari dagokion ezinbesteko portaera da berez, zeren iritzi guztikoak aurkitu beharra dago bertan (univeritas magistro- rum discipulorumque deritzanean), baita teoria fantasmatikoena asmatzen bizitzen dena ere. Gure arazoa, berriz, oraingo honetan hedatzen hasia dagoen gizarte titeretik etorri badator.

Bizi garen gizarte korapilatsu honetan dauden gatazkak, eta nazioanala batik bat, diagnostikatzeko bide komunak jartzea baino betidanik erabili (eta porrot egin) diren ubideak berriro ere azpimarratu nahi izatea ergelkeria litzateke horren azpian dagoen egoeraren lepotik batzuen bizi nahia susmatzerik izango ez bagenu.

Susmoa baino gehiago da, ordea, hedabideei kasu eginez gero, non Euskal Herriko egoera dugun ezinbesteko erreferentzi alboraezina. Ez du ematen hemendik kanpo gauza gehiegi gertatzen direnik edo, agian, ez dute hemengoek bezalako etekinik ateratzeko balioko.

Arazoa, berriro ere, titere izatean datza. Urkuluk aurpegia ilun eta negargarria du berez, ehorzketetan gailen bezain bete-betean geratzen den haietariko bat, baina halakoetan segitzeko aukera hartu baldin badu gainerako beste edozein irtenbideren kaltetan egoera honen lepotik profitatzen jarraitu ahal izateko da, eta ez besterik.

Berriro ere Urkulu berak, Euskal Herrirako saldu nahi duen betiko diagnosiak, azken hauteskundeetrako deialdia eta guzti, ez duela balio jakin dakielakoan nago. Halere, horretan darrai horregatik hain zuzen, ezer konpontzerik nahi ez duelako, dagoen egoera bere aldeko interesen arabera erabiltzen segitzeko besterik. Erabaki hura babesten agertzen diren Gobernuko gainerakoak bezala...

Haiek ere titereak ditugu.

Dena dela, gizarte harremanak gezurretan oinarritu nahi duenari gerta dakiokeen okerrena bere azpikeria nabarmen uztea izaten da. Hori gertatzen denean jendea engainatzea ezinezkoa suertatzen da. Horixe gertatzen zaie titerei...

Recherche