Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Iraganaren lekuko

"Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia" liburua (Txalaparta, 2025) aurkeztu genuen Donostiako San Telmo Museoan berriki (2025/10/07). Nire ustez, Xabier Irujok, Unai Belaustegik e Iñaki Lopez de Luzuriagak ondutako testuak −euskaraz− Euskal Herriaren historia orain arte baino era bateratuago, modernoago eta «herritik» ulertzeko aukera berriak ematen ditu.

Liburuan egileek historian zehar doan ibilbide kronologikoa aurkezten dute, baina nolabaiteko ahalegin teoriko eta metodologikoa emanez, memoria kolektiboari, ikuspegi sozialei, gatazkak eta identitate prozesuei kasu eginez, bai eta iturri anitzak uztartuz ere.

Xabier Irujo (Caracas, 1967), euskal diaspora eta euskal historiografia garaikidearen ikerlariak gatazka politikoaren historia, batez ere 1936ko Gerra Zibila eta Euskal erbestearen esperientzia landuak ditu, hala nola, "Gernika 1937: The Market Day Massacre" (2015) lanean eta nazio eraikuntza da haren lanaren ardatza, hartan, ikuspegi humanista eta etikoa agerikoa izanik. Historia ez dela gertakari hutsetan oinarritzen, alegia, baizik eta memoriaren eta justiziaren arabera ulertu beharra dagoela argi uzten.

Horregatik, aipatu Iraganaren lekuko liburuan ere haren eragina antzematen da, testuinguru politiko eta sozialek protagonismo handia dutelako, eta herritarren esperientzia azpimarratzen baita, ez soilik elite edo instituzioen historia.

Irujoren lanek autonomia intelektual sendoa dute eta euskal historiografiari funtsezko ekarpena egin diote kritika batzuek bere lanek batzuetan ikuspegi nazionalista agerikoegia dutela esan arren.

Unai Belaustegi (Eibar, 1982), berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle elkartua eta ikertzaileak bere doktorego-tesia eta ikerketak XX. mendeko Euskal Herriko gizarte eta kultura garaikideari buruzkoak ditu, Gipuzkoako errepublikanismoa aztertuz, bereziki.

Euskal kultura garaikidea, hizkuntza-politika eta nortasunaren eraikuntza prozesuak, hezkuntza eta herrigintza... bere lanetan agertzen dira, ikuspegi antropologiko eta sozialarekin batera.

Belaustegik ikuspegi metodologiko moderno eta pluralista ekartzen du: feminismoa, hizkuntza-politika eta klase-ikuspegia uztartzen baititu.

Iraganaren lekuko-n haren eskua nabaritzen da testuaren egituraketa didaktikoan eta hizkera argian, liburua ez baita soilik ikerlarientzat, baizik eta irakurle arruntarentzat ere pentsatua dagoelako.

Belaustegiren zeregina da, agian, liburuaren «zubi» intelektuala izatea Irujoren ikerketa etikoaren eta Lopez de Luzuriagaren dibulgazio gaitasunaren artean.

Iñaki Lopez de Luzuriaga (Gasteiz, 1975) filologoa eta kultur sustatzailea, hainbat proiektu pedagogikoetan arituak mundu anglosaxoia ondo ezagutzen du. Itzultzaile eta idazle modura, euskarazko terminologia historikoa eta hezkuntzako testuak garatzen lagundu du.

Ez da, jakina, ikerlari akademiko klasikoa, beharrik ere ez, baina liburuaren egituran eta estiloan haren esku sartuta dago: hizkuntza argi, zuzen eta irakurterraza. Bere lan honi esker, historia ez da soilik akademiaren barruan geratuko, herritarrengana hurbiltzea lortzen dela baizik.

Luzuriagaren ekarpena funtsezkoa da horretarako historia komunikatzeko gaitasuna baitu. Egile honen presentziak ematen dio liburuari irakurgarritasun eta zabalkunde ahalmen handia, eta, finean, haren lana beharrezkoa da liburuaren didaktikotasuna eta euskal estilo bermatzeko.

Hirurek sortutako tentsio produktiboan, akademiaren eta herriaren artean, objektibotasunaren eta identitatearen artean, hor dago hor, liburuaren indargunerik nagusiena, hots, Euskal Herriaren iragana herritarren ahotik eta akademiaren begietatik kontatzean hain zuzen ere.

Esan bezala, anbizio kronologikoa du liburuak, denbora tarte zabala hartzen du (antzinatik gaur egunera), eta aniztasun iturri ugari erabiltzen dira; horrek ikuspegi plurala ematen diolarik.
Euskara eta publiko euskaldunari egokituta dago, euskaraz argitaratua delako hutsunea bete dezake ikerketarik eta dibulgaziorik gutxien atalean, hori bere aldeko puntu sendoa izanda hizkuntza-normalizazio ikuspegitik.
Liburu hau, beraz, euskarazko historiografia modernoan erreferente bihur daiteke, batez ere hezkuntza mailan. Ikasle, irakasle eta herri-dibulgazioan interesa dutenentzat gomendagarria da, euskarazko baliabide faltan.

Halaber, liburua berri ona izan, bada, euskal historiaren deskolonizazioan, espainiar eta frantses narratibetatik at kontatzeko ahaleginean sortua eta garatua baita.

Zenbait irakurlek ikus dezakete diskurtsoa sozialki «lausoegia» dela nazio ikuspegiaren aldean. Dena den, Belaustegiren ikuspegi hori ezinbestekoa da euskal historiografiak ireki eta plural bihurtzeko, eta Irujoren ikuspegi «nazional etikoaren» oreka osatzeko. Liburuak joera sozial eta pedagogikoa dauka eta oso praktikoa da historia demokratizatzen baitu hizkuntzaren bidez.

Iraganaren lekuko testuan, bada, ikus daiteke hiru ikuspegi bateratzeko saiakera arretatsua: Irujoren nazionalismo humanista ematen du liburuaren oinarri historiko eta etikoa. Belaustegiren pluralismo soziala egitura eta tonua markatzen du: testu inklusibo sortzen lagunduz. Luzuriagaren komunikazio gaitasuna, berriz, euskarazko narratiba modernotik abiatzen da.

Emaitza, ordea, ez da ideologia bakar baten adierazpena, baizik eta Euskal Herriaren historiaren ikuspegi bateratu baina ez homogeneoa: herriaren nortasuna aitortzen du, baina aldi berean, aniztasuna eta gatazkaren konplexutasuna ere kontuan hartzen ditu.

Aipatu tentsio hori ez da inola ere ahulezia, baizik eta liburuaren balio dialektikoa, historia «norena» den, «nola» kontatu behar den eta «zein hizkuntzatan» galderak irekita uzten dituena.

Horrek guztiak bihurtzen du liburua ez soilik iraganaren lekuko, baizik eta ideien elkarrizketa baten lekuko ere bai, euskal historiaren etorkizuna ulertzeko iragana kontatzeko moduak eztabaidatzea bera baita ariketa ideologikorik garrantzitsuena.

Irakurketa on! bada...

Recherche