Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

LEGEAREN BARRUAN

 

Catalunyako Parlamentek katalandar herria subjektu politiko gisa definitu ondoren aurki autodeterminazioaren erreferendumerako deialdia egingo duela ez dago dudarik.

Kari honetara, asko aipatu izan da azken boladan “erabakitzearen eskubidea defendatzen” Ibarretxek jorratutako bidea oraingo katalanen aurrekaria izan zela baina Ibarretxerenak eman zuena denok badakigu, hau da, inolako autodeterminazio erreferendumik ez zela hemen bozkatu eta afera hor amaitu zela garbi da.

Katalanek egingo ote dutenaren aurrean, berriz, oraingo leloa “dena legearen barruan” (Espainiako legeaz, beraz) egin beharra dagoela diote estatalistek horrela, Ibarretxeren burujabetza aldarriak eduki zuen ibilbide motza errepikatu nahian.

Baina zer dira Estatuaren legeak, ordea? Alderdi politiko estatalek egiten dituztenak, jakina. Adibide bat ikus dezagun: berriki alderdien finantziazioa fiskalizatzeko Madrilgo Kongresuak onartu duen  azken legea.

Urrian onartutako aipatu legeak zilegitzat jotzen du alderdi politikoen finantzak sekretupekoak izateaz gain, antzemandako delituak zigortu gabe gera daitezen. Arretaz begiratu ezkero harrigarria da alderdi politikoen diruak ez gizabanakoenak ez eta gainerako elkarteenak ere bete behar dituzten legeen gainetik daudela ohartzea.

Hasteko, Kontu Tribunalek alderdien gastuak fiskalizatu behar badituzte ere haien txostenak bost urtean behin argitaratzen dira eta bost usteko epea da, hain zuzen ere, arlo horretan delitua iraungitzeko aurreikusten dena. Beraz, finantza arloan hutsa edo akatsa izan arren, zigortu gabe geratuko da betiko.

Horretaz gain, alderdi politikoek, legez,  nahi duten adina zorpetzeko eskubidea badute, eduki, baita bankuek, beren aldetik, haien zorrak barkatzeko gaitasuna ere. Legezko harreman hori ez al da susmagarria?

Baina ez da hor bukatzen istorioa zeren eta alderdiek jasotako dirutzan 100.000 eurotik gorakoa bada emailearen izena agertarazteko beharra izan arren,  mugiezinak ( etxeak, orubeak etab) eskura ditzakete dohaintza egindakoaren izenik ezagutarazi gabe. Gainera, Fundazioak badituzte ( FAES, Pablo Iglesias, esaterako…) haiek eskuratutako dohaintzak 100.000 eurotik gorakoak izan daitezke eta erabat “izengabeak”.  

Gehiegi ez nekatzeko, horra hor azken “harribitxia” : Alderdi politikoak elkarte pribatuak dira, beraz, Kongresuak arlo publikoaren gardentasuna bermatzeko egin dituen azken legeetatik at geratu dira!.

Modu berean Ruiz Gallardonek aurkeztutako azken Zigor Kodearen moldaketan (badakizue, euskal presoentzat hil arteko zigorra legeztatzen duena…) delitu finantzarioei antzemateko ez da tutik azaltzen.

Haiek dira haien legeak. Zeinentzat daude eginak begibistakoa  da, Norbaitek uste al du burujabetzarik eskura daitekeela Espainiako Legearen barruan?

Galdera erretorikoa da, noski.  

Recherche