Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Machiavelok eta Montesquieuk hitz egingo balute

 

Bien arteko balizko solasaldia gauzatuko balitz, alegia, horixe izan zen Maurice Jolyk (18291878) idazle frantsesak Napoleon III. gobernua salatzeko utzi zigun liburua (Dialogue aux enfers entre Machiavel et Montesquieu ou La politique au XIXe siècle, Bruxelles, A. Mertens et fils).

Liburua Frantzian sartzen saiatu zen baina salatua izan zen eta Sainte-Pélagie kartzelan sartu zuten hala Inperioen defentsatzaileen onerako nola errepublika jakobinoaren aldekoen lasaitasunerako.

Izan ere, denboraren poderioz eta sasi-plagioa zela medio, “Siongo Protokoloak” bezala panfleto antisemiataren ezagun bihurtu zena botere autoritarioaren satira bortitz bezain zabaldua izan zen. Horregatik, “ gorrotoa eta gutxiespena” hedatu nahi izateagatik kondenatua izan zen Joly eta, askatu zutenean, hilik aurkitu zuten Voltaire izeneko nasan, Parisen, 1878ko uztailaren 14ean.

Liburuan, beraz, Machiavelok,  Montesquieuren harridurarako, demokrazia autoritarismo nola bilaka daitekeen erakusten digu, ordezkaritza sistema aldatu gabe eta herriarekin bat eginik, gainera.

Machiaveloren orduko irakaspen haiek zer-nolako indarra duten egun begibistakoa da. Haren aburuz, Gobernuaren iritziek herri ideiak ahultzea lortu behar dituzte iraultza posiblea dela ahaztaraziz. Horretarako, betidanik hitzen nahiz aldarrikapen herrikoiak izan direnak erabiliz, Gobernuak herritarra denaren itxura hartuko du ( gaur egun, horri populismo deitu izan ohi zaio …) eta, zoritxarrez, jendeak ez du gehiago ezer eskatuko. Erakunde fiktizioak ere sortu ditzake Gobernuak autoritario bihurtzeko bidean, auzitegiak esaterako, inolako independentziarik ez daukaten epaiak, adibididez, eta, funtsean, herriak erabili ohi duen hitz-jarioaren jabetza bereganatu behar du Gobernuak.

Sasoi garaikide hauetan ez baita inor ezertara behartzen limurtzen baizik. Ez da ezer debekatu behar gizartea eraldatzeko grina desagertaraztea baizik. Ez dira ideien jazarpena egiten ideien edukia aldatzearekin aski baita.

ETAren balizko genizidioaren ikerketa eskatu dute Espainian eta Europan.

Auzitegi Nazionalak tramiterako onartu du hori, nahiz eta frankismoaren biktimak ikertu nahi izateagatik Baltasar Garzon “Prebarikazio dela bide” ( hau da, hori egiteko gai ez zela jakin arren egiten saiatzagatik) zigortu zuen eta epailea izateko zeukan eskubidea bertan behera utzi zuen.

Beraz, Auzitegi Nazionala frankismoak eragindako genozidioa epaitzeko ez omen zen gai baina ustezko ETAren sarraskien ikertzeko bai, ordea.

Machiavelo, pozik. Montesquieu, berriz, zur eta lur.

 

 

 

Recherche