Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Martutene ( Jon Artola eta Axun Gorrotxategi bihotzean)

 

Batzuentzat, oroimenean, Donostiako auzo bat besterik ez da izango Martutene.

Haietariko batek, dudarik gabe, eleberria ere idatz dezake horri buruz bertan Kartzela dagoenik aipatu gabe. Horrela idatzi ohi da historia. Horrela gure literatura.

Gaurko egun malapartatuan nire aspaldiko adiskide Jon Artola Martuteneko kartzelarako bidaian lagundu behar izango dut. Egiatik Martutenera, kilometro gutxi maldan behera baina Dantek deskribatu zuen moduko jaitsiera, halere. Bizitzatik infernura.

Eta laster, Axun, bere ( gure) laguna bide beretik joango da berriro ere.

Gure auzotik alde egin behar izan zuen bikoteak laurogeigarrenetan poliziari ihesi. Ordutik hona, erbestea, kartzela Mexikon, kartzela Espainian eta orain, berriz, Martuteneko kartzelara.

Orduko bi gazte langile haiek ofizio utzi eta oraingo sasi langabeziara itzuli dira hogeita hamabost urte gehiagorekin bizkar gainean.  Martuteneko kartzelara.

«Martutene» (Erein) eleberriaz asko idatzi da aurten. Ez da idatzi, ordea, Espainiako Sari Nazionala eskuratzeko zorian egon zela azken unera arte eta azken bozketa gutxigatik galdu omen zuela.  Ramon Saizarbitoriak, “borondate onez” idatzitako eleberria dela esan zuen euskarazko literatura ataleko saria jasotzean. “Miopea naiz baina irudipena dut ideologia oso ezberdineko irakurleek errespetuz onartu dutela `Martutene' . Eta gogoa nuen esateko, esperantza piztu baitit gure historia gertukoaren kontakizuna adostuko dugun eguna ez dagoela urrun. Esan dezadan bide batez, sinistuta nagoela euskal narratibak paper garrantzitsua jokatu behar duela eginkizun horretan”.

Arestian esan bezala, ez nago ni horrekin konforme. Aitzitik, ez dut uste inolako kontsentsurik lort daitekeenik aurretik aipatu “errelatoa”ren bertsio desberdinak zabaltzeko aukera berdintasunik ezean.

Saizarbitoriaren eleberria, ene aburuz, nobela dugu zentzu hertsian, hau da errelato burgesa da non Donostiako jende prinzipalaren deskripzioa egiten den inolako ikuspegi kritikorik gabe. Areago, hor datza, ene ustetan, bere balio literarioa gorena. Ez duela funtsezko kritika ideologikorik egiten kontakizunen bidez ( kanpoko ikusle batek eraginda …) bizipenak azaltzeko gai dela baizik. Baina, ildo horretan, berak kontrakoa aldarrikatu arren, hor ez dago, esan bezala, ez kritikarik ez eta “errelatoaren kontsentsurako” inolako ekarpenik. Burgesia donostiarren mintzoa da, soilik. Euskal Herriko gertuko historian eragileen alde bateko ( eta bi baino gehiago badaude, egon …) ikuspegia eta hizt-jarioa. Aski, eta ez da gutxi, BAINA ez da dena.

Nik hauxe idazten dut hura irakurri ondoren, jakina.

Ez dut uste, ordea, Jonek eta Axunek literatura hori leitzeko gogo handirik izango dutenik hemendik aurrera denbora sobera eduki arren…

Fito Rdz.

 

 

Recherche