Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

“Morts aux Rois”

 

Erregeak akabatu”, nire liburu baten izenburua da baina, halaber, aspaldiko aldarrikapen politikoa, zeinak, Frantziako Iraultza medio eta mundu zaharraren zapalkuntza ezabatuz, berdintasuna eta modernitatea ekarri zituen, hain zuzen ere.

Juan Carlosek abdikazioa eman zuenean kazetari gehienek, nonbait, planteatu zuten ez zekitela ezer, iritzi publikoa ez zegoela prestatua, oso bat batekoa izan zela, inork ez zuela ezer esan... Beno, esan ez, idatzi egin nuen nik hori baino lehenago liburu bat: ¿Está el Rey desnudo? El habla de la sospecha (2014). Alegia, aztertu nuen jendeak nola hitz egiten zuen Erregearen inguruan nahiz eta berari buruz ezin zen hitz egin. Eta zertaz hitz egiten zen? Bada, ohi bezala, osasunaz, sexuaz, diruaz eta beste zenbait gauzez... Ikusi egiten baitzen maldan behera zihoala ustelkeriaren historia hori. Orduan, liburua duela sei urte idatzi nuen, eta ondoren, zergatik suertatu zen dimisioa?

Zergatik abdikazioa? Arrazoiak egongo dira, baina nik aurreikusi egin nuen ez oso azkarra naizelako, susmoaren hizkeran oinarrituta baizik. Alegia, “susmoaren mintzamena” ikertuz. Alegia, jendeak zer-nolako txutxu-mutxuak, zer-nolako ahozko bolo-boloak, esamesak, zurrumurruak, zer-nolako hiri-kondairak (“leyendas urbanas”) ateratzen zituen, ikusita beti erregea tartean zela. Orduan, egiaztatu gabeko informazioa gaurko sare sozialetan zabaltzen dena da garai batean ahoz ahokoa zen hori, non ezagutzen den parean dagoena, buruz burukoa alegia. Zu ibiltzen baldin bazara twitterren edo whatsappean edo instagramen edo zera horietan, besteekin nolabaiteko harreman simetriko eta zuzenean zaude.

Egoera zuzen hau ez da lehengo hedabideetan gertatzen zena. Aurreko garaiotan, lehen aditzen zen irratian, irakurtzen ziren periodikoetan eta horrelakoetan, non nolabait norabidea, informazioaren norabidea, alegia, beti zen neurri eta modu batekoa, unibokoa bezain asimetrikoa. Hau da, orain arteko ohiko egunkariak ematen zuen informazioa eta besteak, hartzaileak izaten ziren bakarrik.

Oraingo honetan, berriz, erreproduzitu egiten dira ahozko informazioen helarazte edo pasatzeko sistemak era simetrikoan bezain performatiboan. Beraz, inoiz baino gehiago informazioek formatu egiten dute mundua, errealitatea eraldatzen dutela ulertaraztearekin batera.

Baina, gezurra izanda ere, informazio performatiboak dira gure moderniaosteko mundu komunikatibo garaikidean errealitatea osatzeko zutabeak. Izan ere, Pigmalion efektua eragiten dute edo, bestela esanda, iatrogenikoak dira Thomasen teoriaren arabera. Arazoa da, hasieran esaten nuen moduan, gaindituta dauden garai industrialei zegokien informazioa helarazteko era asimetrikoak, hedabide klasikoak (telebista, egunkariak, berri-agentziak edota, neurri txikiagoan, irratiak…) dagoeneko ez direla fidagarriak eta, dagoeneko, oraingo honetan, internet dela bide, buruz buruko informazioaren elkartrukatzea sarean ematen dela (facebook, you-tube, instagram, twitter, whats-app…). Informazio borrokaren eredua aldatu da, beraz. Betiko ezin dudatuzko egia egun interpretagarri bihurtu zaigu eta, halaber, borrokagarri. Berriak, bada, modu anitzean edo kaotikoan eskuratzen dira eta iturburuekiko mesfidantza hedatu ohi da.

Orain arteko hedabideek informazioak zabaltzeko erabilitako sistema jota dago eta, honezkero, notiziekiko harreman berri baterako hezi beharra dago. Eszeptizismotik abiatuta eta botereen diskurtsoez jabetzeko baina, hein berean, informazio-sareak kudeatzen jakiteko (ez teknologikoki soilik…) erabiltzen ikasteko ere.

Badakigu, jakin, egungo gizarteetan botereek zilegitasuna eskuratzen dutela informazioen monopolioa eta diskurtsoen erabilera direla medio. Boterea eraiki, garatu eta birsortu egiten da errealitatearen bere bertsioa “naturalizatuz”, hau da, bere ikuspegiaren eta arrazoi hegemonikoaren bidez.

Egungo egoera komunikatiboan, berriz, kolokan jarri ohi dira boterearen sinesgarritasuna eta bertsio hegemonikoak. Erregeak akabatu ditzagun.

 

 

Recherche