Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Reo ez da presoa

Maorieraz «Te reo» hizkuntza da, hots, ez maoriera, mundu osoko hizkuntza baizik. Guk antzerako erabiltzen dugu alderantziz adierazia, hau da erdara, erdi-era omen da euskaldunontzat, hizkeratako balio gutxi duen hizkera balekoa eta osoa, jakina, euskara baita.

Zeelanda Berrian, ostera, Betiko Mount Cook egun Aoraki deitzen bezala, Tasman mendiak Horokoau izena dauka maorieraz. Aldiz, Galway hondartza ez dago Irlandan Aotearoan baizik. Kontraesanek diraute.

Hala eta guztiz ere, gure inguruan ikusten ditugun kontraesanei esker pentsatzen dugula esan dezakegu. Ezagutzaren prozesua azaltzeko eta horri mugak jartzeko gai izan zen filosofoa, Immanuel Kant, orduko Königsberg (gaur Kaliningrado) unibertsitatean hasi zen eskolak ematen bidaiak azalduz, eta publiko interesatu eta esker oneko baten aurrean urruneko herri ezezagunak ezagutarazi zituen. Izan ere, Kantek, oraindik irakasle osoa ez zelarik, unibertsitateko liburutegiko arduradun baizik, eta bere jaioterritik inoiz irten izan ez zena, bere garaiko geografiari buruzko literatura ugari irakurri zuen, eta, lortutako datuetan oinarrituta, «gure mundu honetan dauden beste munduei» buruzko hitzaldiak eskaintzen zituen ordainpean (bere soldata urria osatzeko). Hitzaldi horiek oso estimatuak izan ziren eta jende asko bildu zuten. Prusiako bizimoduarekin kontraesanean zeuden leku urrun horiei buruzko gogoeta horiek, zalantzarik gabe, lagundu zuten ezagutzaren, estetikaren, moralaren, erlijioaren eta bakearen ekoizpenari buruzko teoria kantiarrak moldatzen.

Aotearoan, Europatik joandako lehen kolonoak 1860ko hamarkadan agertu ziren. Hori zela eta Zeelanda Berriko gizatalde garrantzitsuena Pakeha deitutakoa (zuriak) bihurtu zen, eta bere hizkuntza, ingelesa, hizkuntza nagusia bilakatu zen. Ondorioz, 60 urte baino gutxiagotan, maoriera uharteetan ordezkatua izan zen. Jende gero eta gehiago hasi zen mintzatzen ingelesez eta maoriera, maoritarrak Pakehetarrengandik bananduta bizi ziren komunitateetara mugatu zen.

Esan behar dugu, bada, kolonizazioaren ondorioetako bat maoriera hizkuntzaren ordezkapen linguistikoa izan zela. 1930ean maoritarren %97k beren hizkuntza era arruntean hitz egiten zutela. 1970ean, ordea, zifra hori %27ra jaitsi zen, hezkuntza-politika antzuen eta biztanleriaren mugimenduen eraldaketaren ondorioz. 1970eko hamarkadan, aldiz, Estatu Batuetan eskubide zibilen alde egin zuten mugimenduek eta hezkuntza elebidunaren abantailen kontzientzia gero eta handiagoak bultzatuta, maoritarrek 1970eko hamarkadaren amaieratik izan zituzten lehen esperientziak beren hizkuntzaren berreskuratze prozesua eskolaren bidez. Lehen kohanga reo («mintza habia») 1982an jaio zen, eta geroago maorieraren irakaskuntzako egiturak ugaritu egin ziren Zeelanda «Berria» osoan zehar, hala nola Kura Kaupapa Maorí (murgiltze sakoneko lehen mailako eskolak) eta wharekura (batxilergoa prestatzeko eskolak).

Bitxiena zera da, herri ekimenetik sortu eta murgiltze linguistikoan oinarritutako eskola horiek «te reo» (hizkuntza) berreskuratzeko eraginkorrak izan zirela frogatu ondoren, estatuko erakundeek ingelesa irakaskuntzan txertatzeko beharra planteatu dutela. Nolanahi ere, arazo berria da hauxe hantxe, baina, egia esanda, Euskal Herrian ere ez zaigu arrotz egiten.

Recherche