Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Zenbat gara?

"Ez Dok Amairu" kultur mugimendua desegin baino urtebete lehenago argitaratu zuen Benito Lertxundik "Zenbat gara?" izeneko abestia (1971an):

Zenbat gera? lau, bat,

hiru, bost, zazpi,

Zer egin degu? Ezerrez.

Zer egiten degu? Alkar jo.

Zer egingo degu? Alkar hil.

Abestutako mezua, zabal bezain azkar bizkor hedatua eta erabilia, ez zen, jakina, kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Abestia, zer gara? ari zen galdetzen orduan...

Lertxundiren abestiak horrela jarraitzen zuen:

Zer egin degu? Ezerrez.

Zer egiten degu? Alkar jo.

Zer egingo degu? Alkar hil.

Hala eta guztiz ere, 1978ko martxoaren 26an Bilbon Aberri Egun bateratu bat ospatu zen, Franco hil ondorengo lehena legezkoa, Euskadi eta Nafarroarentzat «Estatutu Nazionala» eta Espainiak orduan lantzen zuen prozesu konstituzionalean autodeterminazioa aldarrikatzen zituena. Manifestazio izugarria handia izan zen, prentsaren arabera, Bilbon 100.000 pertsonatik gora izan ziren; Donostian, 70.000 inguru; Iruñean, 40.000 bat; eta Gasteizen, 20.000 edo. Donostian PSOE, EAJ eta Euskadiko Ezkerreko legebiltzarkideek Autonomia Estatutu Nazionalaren aldeko aldarrikapenak zituen pankarta bati eutsi zioten... Oraindik ez zen hilabete pasa eta 1978ko apirilaren 13an Landa Terrorismoaren Aurkako Unitatea (UAR) sortu zen, guardia zibilaren Ekintza Azkarreko Taldearen (GAR) aurrekaria, terrorismoari aurre egiteko aitzakian, independentismo politikoaren jazarpenari hasiera eman ziona.

Benitoren doinuaz honela abesten genuen:

Gure asmoak, esperantzak:

Herria, Askatasuna,

Justizia, Pakea

Egia, Maitasuna...

Mitoak. Hitz hutsak.

Sasoi bertsuan, 1978an, Sorbonan emandako hitzaldi batean, Foucaultek termino politikoetan erlijioz gobernatuak ez izateko borondatea definitu zuen, hau da, etengabeko obedientzia-harreman baten bidez, kontzientzia-zuzendaritza bezalako tekniken bidez praktikatzen zen botere modua. Hebrear jatorriko gobernu mota hau Elizaren instituzionalizazioarekin orokortuko zenez, gobernu mota horren berezitasuna da, aldi berean, gizataldearengan eragiten duela, eta, bereziki, taldeko kide bakoitzarengan.

Benito Lertxundiren mezu abestuak bukatzen zuen:

Hori ez, hori ez, hori ez,

hori ez, hori ez, hori ez...

Izan ere, politika-modu hori, etengabe errespetatu behar den eta agintaritzaren izenean obeditu behar den hierarkia-harreman bat ezarriz, erresistentzia-modu bat irudikatzen zuen kritika-mugimendu batek zalantzan jarri zuen oso ezarritako agintearekiko. Zuzenbidearen eta ezagutzaren esparruan, lege-botere mugiezinarekin begi-bistakotzat ezartzen zaiguna zalantzan jartzeko fenomeno horiek funtsezkoak dira kulturaren historian, eta jarrera kritikoa erakusten digute, gobernuaren praktika sozialak aldez aurretik ezarritako boterearen, egiaren eta subjektuaren arteko harremanak desegiteko modu gisa.

Gaur egun badakigu, erlijioz gobernatuak ez izateko, boterearen, egiaren eta subjektuaren arteko harremanak desegin behar ditugula, kritika ezagutzaren eremuan agertzen baita, autoritateak ezarritako ziurtasunak zalantzan jarriz.

Politikaren (Espainiaren edo Frantziaren batasuna), zuzenbidearen eta ezagutzaren esparruan lege-botere mugiezinarekin begi-bistakotzat ezartzen zaiguna zalantzan jartzeko fenomeno horiek funtsezkoak dira historian, eta jarrera kritikoa erakusten digute, gobernuaren praktika sozialak aldez aurretik ezarritako boterearen, egiaren eta subjektuaren arteko harremanak desegiteko modu gisa. Foucaulten hitzetan:

«Gobernu-egintzak egia aldarrikatzen duten botere-mekanismoen bidez lotzea xede duen mugimendua bada, nik esango nuke kritika dela subjektuak bere buruari bere botere-efektuei buruz eta bere egia-diskurtsoei buruzko botereari buruz egia galdetzeko eskubidea ematen dion mugimendua; kritika borondatezko morrontza-ezaren artea izango da, gogoeta-ezinezkotasunarena. Kritikak egiaren politika izenda litekeena kolokan jartzea izango luke funtziotzat».

Beraz, zenbat gara lelo horrek ez du axola, behar bezala boteren aurrean kritikoak ote garen jakitea baizik. Politikan ere Gipuzkoan horrenbeste maite diren ardiak izatea baino hobe gizaki osoak izatea da erronka.

Recherche