Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Azaluskeria motak

Postureoa. Iloba bati ikasi nion hitza. Hainbat donostiarren ezaugarri estereotipikoa deskribatzeko erabili zuela uste dut: beren axalkeria, ñoñostiarrismoa, Gipuzkoako egunkari salduenak horren ederki islatzen eta sustatzen duen zera hori. Gustatu zitzaidan maileguak eransten zion kolorea.

Ekopostureoa. Negozio kutsatzaileak bizi duenak ekologistaren itxurak egitea. Iberdrolak Repsoli auzitegian jarritako salaketaren muina. Delitua da AEBetan, Erresuma Batuan, Alemanian edo Italian. Espainian eta Frantzian ez. Greenwashing esaten diote ingelesez. Berdezuriketa esan geniezaioke euskaraz. Garbi atera da Repsol auzitegitik. Zuri. Iberdrola ere bai. Epaileak ez dio prozesu kosturik ezarri. Aspaldi irakatsia zigun Iberdrolak −Iberduero zenetik− energia berdea dela berea; zentral nuklearretan sortutakoa, bereziki. Zozoak beleari ipurbeltz. Zu zara handi, kristauen jainkoak Yahvehri, eta honek Allahri. Espero al daiteke justiziarik espainiar epaile baten eskutik?

Euskopostureoa. Euskararen ezagutza eta erabileraren kontrako neurriak hartzen dituenak euskararen aldeko plantak egitea. Bizkaiko Diputazioak hizkuntz eskakizunak erdira jaisteko asmoa duen bitartean Euskaraldiarekin bat egitean egingo duena. Euskaraldikeria. Hizkuntz bazterketaren zuriketa.

Bakepostureoa. Gerraren alde egin, armagintza diru publikoz itxuragabe hornitu, eta bakearen aldeko iduri egitea. Zedarriak enpresari lobbyak Espainiako Save the Childreneko presidentea sartuta egiten duena. Edo Pradalesek Unrwari Ellakuria saria emanez egin berri duena. Gerra zuriketa. Ez dakit ingelesez warwashing erabiltzen hasi ote diren. Europar Batasuneko estatu gobernuburuak (eta gurean dauzkaten ordezkari autonomikoak) jo eta su ari dira, militarismoak Europa salbatuko duen aitzakiaz. Azala behar da gero! Ez dakit ez ote dudan nahiago azal laranjadunaren azaluskeriarik eza. Zulatu, zulatu, zulatu, petrolio bila; ingelesa da gure hizkuntza bakarra; txikituko zaituztet, nirekin bat egiten ez baduzue. Eko-, eusko- edo bake-, postureo gutxi darabil horrek.

Recherche