Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Eguneroko ogia

Esan zidaten arte, ez nintzen sekula ohartu. Kanpotik etorritakoak izan ziren begiak ireki zizkidatenak: eguneroko ogia salerosteko gure ohiturak ez dira oso higienikoak. Diruarekin erabili dituen eskuekin heldu, paper txiki batean bildu, eta platerak, katiluak, edalontziak eta diruak ibili dituzten mostradorearen gainean uzten du saltzaileak. Eta normala iruditu zait hori beti. Lehen egiten zenaren aldean, txukunagoa ere bai, egia esan. Txikitan ogia botatzea bekatua zela esaten ziguten, baina ez zen kristau bidetik apartatzen, antza, periodikoaren orri tintadunetan bilduta eramaten zuena. Esan ez balidate, ez nukeen inoiz ere sumatuko oraingo gure azturak inori nazka eragingo zionik. Kanariar batek esan zidan, eta kubatar batek konfirmatu. Haien herrietan ogi saltzaileen eskuek ez dute ogirik ukitzen eta barra osoa estalita babesten duen paperean ematen diete. Behar den bezala.

Taldean garela, askoz gehiago hitz egiten dugu gizonezkoek emakumezkoek baino. Hizketan hasten direnean eteteko joera handia daukagu, gainera. Hori ere esan egin behar izan zidaten edo irakurri egin behar izan nuen, berdin dio. Bestela, seguru asko, ez nintzatekeen sekula jabetuko. Ez nukeen ikasiko autobusean edo abioian hankak zabaltzeko ohitura daukagula, eta, oro har, bestearen espazioaren mugei ez diogula inolako begirunerik erakusten. Esan ez balidate, ez nukeen sekula santan ikasiko. Eta, ikasi gabe, ez nituzkeen nire praktika mikro-matxistak identifikatuko eta zuzentzen saiatu ere egingo. Horregatik dira beharrezkoak feministak; horregatik dira beharrezkoak atzerritarrak: zikinkeria edo injustizia antzeman ditzaketelako gure ohitura, usadio eta praktiketan; klase, arraza edo genero zapalkuntza forma sotilak, guretzat ikusezin direnak, bistara diezazkiguketelako. Haiei entzutea eta jaramon egitea ez dira gauza bera, ordea. Egongo da, ohiturak aldatzea baino, ogi zikina erosi eta mikro-astakirtena izaten segi nahiago duenik. Behingoagatik, pronostiko baikorra egingo dut, hala ere: irailetik aurrera ondo bilduko digute eguneroko ogia. Hala izan bedi!

Recherche