Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Garai berriak datoz

Garaiak aldatzen ari dira, "The times, they are a-changin", kantatu zuen Bob Dylanek. Gizakiak gogoa, kontzientzia eta auto-kontzientzia dituenetik, bere buruari behin eta berriz errepikatutako leloa dirudi. Dena aldatzen ari da. Okerrerako, gauza asko; onerako, bakarren batzuk. Bere horretan jarraitzeko, beste batzuk. Abiada bizian, biziegian; konturatzerako ere, gertatu da aldaketa. Horixe bera pentsatuko zuten Erdi Aroko garairik ilunenetako monasterio apartatuenetako liburuzain zaharrenek ere: azkarregi gertatzen ari da dena. Mundua pikutara doa eta hemen inork ez du ezer egiten.

«Eta onartu inguruko urak hazten ari zaizkizuela./ Eta onartu hezurretaraino blai geratuko zaretela laster./ Zuen garaiak salbatzea merezi badu./ Hobe duzue igeri hasi edo harritzar gisa hondoratuko zarete bestela./ Garaiak aldatzen ari baitira». Poloetako izotzak likidotu eta urak hazten ari zaizkigu, bai; baina ez gara igeri hasiko. Getaria parean kaiolatzarrak jarriko ditugu atungorriak gizentzeko, «foie»-rako antzarak balira bezala. Eta hondoratuko gara denak, harritzar gisa.

«Etorri lurralde osoko aita-amak/ eta ez kritikatu ulertu ezin duzuena./ Seme-alabak ez daude gehiago zuen aginduetara./ Zuen bide zaharra azkar ari da zaharrago bihurtzen./ Ospa bide berritik mesedez, eskukaldi bat ezin baduzue eman./ Garaiak aldatzen ari baitira». Belaunaldien arteko talka beste behin. Paradigma ez da errelebo-eskualdatze samurra. Talkarik eza da anomalia. Nazionalista, abertzale, burges, sozialista, komunista, anarkista... Ez kritikatu ulertzerik ez daukazuena. Garaiak aldatzen ari baitira.

Patti Smith trabatu egin zen, Stockholmen Dylanen Literatur Nobel saria jasotzean, "A hard rain’s a-gonna fall", "Euri zaparrada botatzera doa", kantatu zuenean. Geratu eta berriro hasi; hori izan zuen aterabidea. Geratu, pentsatu eta, utzitako lekuan, berriz hasi. Aspaldiko jokabide iraultzailea. Garaiak aldatzen ari dira; garai berriak datoz, bai. Baina zaharrak dira berri.

Recherche