Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Irla Bareak

Egunkari fidagarri samarrean irakurri ez banu, ez nuke sinistuko. Eta irakurrita ere ez dakit sinisten dudan. Ezetz asmatu zein den Israelgo Estatuak NBEko asanbladan duen aliaturik leialena? Amerikako Estatu Batuak? Ez. Hungaria? Argentina? Ez; eta ez. Itxura denez, Mikronesia da. Eta, harekin batera, Fiji, Nauru, Palau, Papua Ginea Berria, Tonga eta Tuvalu. Joan  den ekainean, esaterako, su-etena eskatu zion Israeli NBEko asanbladak: 149 estatuk eman zuten aldeko botoa eta 12k kontrakoa. Ozeano Barean kokatzen diren irlez osatutako goiko herrialde horiek ziren hamabi horietatik zazpi. Leialak bozketa guztietan.

Esplikazioa ere nahiko sinesgaitza egin zait. Erlijioa omen da giltza. Bertan judu gutxi dagoen arren, AEBko kristau ebanjelisten sinesmenak partekatzen dituzte eta sinesmen horietako bat omen da gakoa. Teologia ebanjelistaren adar baten arabera, juduek Palestinako lurrak berentzat hartzeak antikristoaren etorrera iragartzen du. Antikristoaren zazpi urteko inperioa Armagedon guduak suntsituko du eta, orduan, Jesukristo itzuli eta Jerusalemen ezarriko du inoiz amaituko ez den erregetza. Funtsezkoa gertatzen da haientzat, hortaz, Palestinako lurretako juduak zaintzea, Antikristo-Armagedon-Jesukristo- Eternitatea ibilbidea babesteko. Hamaika sinistutakoak gara, baina zer esango dizuet ba: zaila egiten zait irenstea sinesmen ebanjeliko horri zor zaiola herrialde bare horien leialtasuna. Sinistu nahi dut, ordea, paraje haietan ere hasia dela pizten, pixkanaka, israeldar genozidioaren kontrako protesta.

Sinistu nahi nuke, halaber, Euskal Herriko errepublika independenteak genozidioaren kontrako eta Palestinaren aldeko botoa emango lukeela NBEren bileretan. Baina ez dakit. Sinesmen ebanjelikorik gabe ere, enpresa-lobbyen eragin-ahalmenagatik, besteak beste, poliki, berandu eta zalantzati ari dira pauso txikiak ematen gure gobernu eta erakundeak. Ametsetako euskal errepublika horrek ere herritarren presio sendo eta iraunkorra beharko du, haren ordezkariak munduaren aurrean justiziaren alde tinko eta ozen inoiz agertuko badira.

Recherche