Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Teknologia justuagoak

Ez da berria, baina adimen artifizialak azken boladan aparteko oihartzuna hartu du eta  inguratzen gaituen horretan guztian tartea hartzen den teknologia albiste bilakatu da. Haren onurak esanguratsuak dira osasuna bezalako eremuetan, aurreikuspenerako gaitasuna egotzi zaiolako, eta arrazoi beragatik baita beste hainbat arlotan ere, ingurumenaren zaintzan ere adibideak badira, esaterako. Mesedetarako izango ez balitz ere, ezer gutxi egin genezake sortu delako eta gure bizitzako zirrikitu gero eta gehiagotan sartzen ari delako ia konturatu gabe.

Arazoa da adimen artifizialak erabiltzen dituen algoritmo gehienek ez dutela sortzen duten horren azalpenik ematen eta egiten ari diren ikerketa hainbatek diskriminazio zantzuak atzeman dizkiotela. Gehiago dira noski, baina genero alborapenaz mintzatu ziren Maite Oronoz, Lorena Fernandez eta Lorea Arakistain pasa den astean UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean egin ziren EMAKOM Emakumeak eta Komunikabideak jardunaldietan. Lengoaia naturalaren prozesamendurako zein edukiak sortzeko garatu den adimen artifizialak ikusgarri egiten ez dituen horiez mintzatu ziren, diskriminatzen dituen kolektiboez eta genero arrakalaren adibideak eskaini zituzten, lehenik eta behin egungo ezagutza sisteman eta, batez ere, ezagutza zientifikoaren eta teknologikoaren testuinguruan dagoen alborapena bera mahaiaren gainean jarrita.

Hezkuntza eta teknologia horien ezagupenean jarri zuten fokua adituek, arazoari aurre egiteko; ikerketa behar da, kontzientzia eta egunerokoan eragitea, sortzen ditugun edukiak eta partekatzen ditugunak zainduta, haiek ere izan daitezkeelako etorkizunekoen iturri. Azken batean, ikasketa automatikoko algoritmoek datu kantitate handiak prozesatu ostean sortzen dituzten patroietan oinarrituta daude. Erantzukizuna duten eta justuagoak diren teknologiak sortzea ere aldarrikatu behar da, ordea; onuragarriak badira, izan daitezela guztientzat eta ez betikoentzat.

Recherche