Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Arreta

Gai batetik bestera hain azkar egiten dugu salto, non zaila den haiek gugan arrasto edo markarik uztea. Hala, egun batean oso garrantzitsua dena hurrengoan ahaztu zaigu

Arrainei buruz diote une oro unibertso berri bat aurkitu izanaren sentsazioa dutela, euren oroimena oso denbora laburrekoa delako; segundo batzuk igarota, antza, berrabiarazi egiten da euren unibertso mentala eta, hori dela eta, gauzak erraz ahazteko joera duten pertsonez ari garenean animalia honen oroimena aipatzen dugu sarri. Adituak ere arrainen memoriari erreferentzia egiten hasiak dira jada; kontua ez da gogoratzeko gaitasuna galtzen hasiak garela, gertaerei ematen diegun garrantzia gero eta ahulagoa dela edota haiek sortzen diguten inpaktua azkar apaltzen dela, azkarregi. Gai batetik bestera hain azkar egiten dugu salto, non zaila den  haiek gugan arrasto edo markarik uztea. Hala, egun batean oso garrantzitsua dena hurrengoan ahaztu zaigu edo beste kontu batean arreta erabatekoa jarria dugu. Pertsonen atentzioa produktu preziatu bilakatuta, hura lortzeko borroka sutsua da. Hori dela eta, noizean behin gure atentzioa zerk, zergatik eta zein modutan lortzen duen pentsatzea ariketa beharrezkoa bilakatzen ari da.

Oporlekura etorrita, taberna bateko mahaian eseri da bikote bat. Elkarri bi kontu esan, jan eta edana eskatu eta bakoitzak bere mugikorra hartu du. Zerbitzaria iritsitakoan ere ezin izan dute gailua gorde, eta eskatutakoa ere telefonoa eskuan dutela jan dute, elkarri hitzik egin gabe, jateko erabili ez duten eskuarekin pantailan gora eta behera eta noizbehinka pantaila albokoari erakutsiz. Muturrera eramandako irudia da ia, baina haiei begira nire burua irudikatu dut, ni ere orriz orri, handik eta hemendik iritsitakoen sarean harrapatuta.

Gaur egun informazioa inoiz baino eskurago dugu; gure inguruan nahiz urrunago dauden eremuetako errealitatea fidagarri zaizkigun iturrien bidez ezagutzeko aukera ezin hobea dugu, eta hori, noski, balio handiko gauza da. Baina gure arretak mugak dituela jakinda, ordea, arreta hori zertan xahutu nahi dugun erabakitzeko gaitasuna ere garatu behar dugu ezinbestean; zer iristen zaigun eta zer nahi dugun ondo pentsatu alegia, gure mundua utzi eta besteena gurea baino gureago ez egiteko.

Recherche