Emozioaren bidez iristen zaizkigun mezuek errazago topatzen dute sartzeko eta gure baitan kokatzeko bidea eta horretan, hain justu, lan handia egiten dute markek. Saiatzen dira gugan harridura, sorpresa edota poza bezalako sentimenduak sortzen eta, kasu zenbaitetan eta ondo neurtuta, haserrea edo beldurra bezalako sentipenekin jokatzen, baldin eta horrek espazio digitalean zabalpena eta jendearengana iristeko aukera ematen badie, behintzat. Arreta ondasun bilakatu denean, izan ondo edo okerxeago, baina hizketagai bihurtzea da giltza, eta apropos diseinatu diren publizitate kanpaina polemikoen adibideak baditugu.
Marketinetik gertu, politikagintzan ere antzeko zerbait gertatzen dela uste dut, batzuen ahotik entzuten diren aldrebeskeriak entzunda eta diskurtsoan zer nolako tokia hartzen duten ikusita. Argitaratu berri den ikerketa batek 2024ko Europako Parlamenturako hauteskundeen atarian hainbat herrialdetako egunkariek argitaratutako albisteak aztertu ditu. Datuen arabera ondorioztatu dute eskuin muturreko alderdiak gainerakoak baino gehiago aipatzen zirela, batez ere kanpainaren azken txanpan. Mezuaren tonuak, noski, badu zeresana, baina edozein kasutan ikertzaileek ondorioztatu dute ikusgarritasunak, bere horretan, eragin egiten duela. Antza, arreta dago berriz ere saltsan. Agertzen dira eta arreta erakartzen dute eta arreta erakartzen dutelako eta, komunikabideek horixe behar dutelako, agertzen dira; eteten zaila den gurpil zoroa, beraz.
Ikerketak arreta komunikabideetan eta horien edukietan jarri badu ere, datuek zuzenean interpelatzen gaituzte herritarrak eta, zeharka bada ere, gure informazio-kontsumo ohituretan arreta jartzeko eskatzen digu. Haserretzen gaituztelako, ezin ulertua eragiten digutelako, kasu batzuetan grazia... kasu egiten badiegu, mezu horien jatorrian dagoen helburua lortzen laguntzen diegu, espazioa ematen diegu eta globo baten gisa puzten ari den diskurtsoari haizea ematen diogu, baita modu kritikoan begiratzeko eta aztertzeko intentzioarekin egiten badugu ere.
