Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Atzera begira

Aspaldiko urteetan ez nuen aurrez aurre izan; ikusi eta entzun bai, eta bere bizitzaren nondik norako batzuk ezagutu ere bai. Institutua amaitzearekin bat bukatu zen eguneroko harreman hori, baina uste dut biok estimua gorde diogula elkarri. Orain aste batzuk topo egin genuen, bietako inork aurreikusi gabe, hitzordurik jarri gabe. Bakoitzaren bizimoduaren nondik norakoak azkar eguneratuta, gaztaroko bizipenei heldu genien azkar, eta orduantxe bota zuen agurtu eta gero buruan burrunbaka geratu zitzaidan hitza: «formala». Hala gogoratu izan nau. Zintzotasunarekin eta zentzuarekin lotu ohi dut nik formaltasuna, eta ez dira besteengan estimuan ez ditudan ezaugarriak, baina gaztaroari helduta, bada, ez dira, segur aski, guay-enak. Okerragorik ere esan zezakeela pentsatu nuen, ordea, etxera bueltan autoan erabilitako adjektibo hura aztertzen nenbilela. Izan ere, heldutasunera iritsi eta gaztaroari begiratutakoan ulertezin, barregarri eta kasu batzuetan mingarri zaizkigun jarrera, portaera eta bizipenak identifika eta gogora daitezke.

Annie Ernauxen "Neska baten memoria" liburuan, hain justu, idazleak iraganeko Annie haren inguruan idazten du; barne erretratu sakona biltzen du, egungoak nekez uler dezakeen neska hura gogoratzen du, gorputz-bihotzetan iltzatuta geratutako arrastoak ulertzeko ahaleginean, agian. Liburuak etengabe behartzen zaitu gaztaroko oroitzapen eta bizipen askori hautsa kentzera, barrea eta lotsa sentitzera eta baita mina ere, ziurgabetasunez eta gorabeherez betetako sasoi gisa oroitzen baitut. Egia da zaila dela iraganean izan ginen pertsona horiek egungo begiradatik ulertzea, gauza batzuk bere horretan jarraituagatik, izan genituen jarrera eta bizitutako pasarte asko aldatuko genituzkeelako. Baina, ziur asko, bestelakoak izan bagina ere, gauza bera egin nahiko genuke, edo agian ez. Azken batean, iraganeko niak hausnartzea eta haiekin adiskidetzeko ahalegina egitea baliagarria da, etorkizuneko nia marrazten jarraitzeko.

Recherche